Olioa erabilita xaboiak egiteko ikastaroak eskainiko dituzte Gaztelekuan

Eneko Eizagirre Perez

Artisau xaboia (Artxiboa)

Urriaren 14an, 21ean eta 28an izango dira euskarazko ikastaroak;  gaztelaniakoak, berriz, azaroaren 4an, 11n eta 18an. Izen-ematea gaurtik hasi eta urriaren 9a bitarte egin daiteke.

Eraztun Berde Urdinaren ekimenez, Zarauzko Udalak ingurumen zaintzaren aldeko jarduera antolatu du herritarrentzat. Sukaldeko olioa erabilita xaboia egiten ikasteko ikastaroa jarri dute martxan. Modu honetan, ohiko hondakin bat berrerabili, eta hori baliabide erabilgarri bihurtuko dute ikastaroko ikasleek.

Urrian eta azaroan zehar eskainiko dituzte ikastaroak Gaztelekuko instalazioetan. Hiru saio praktikoz osatuta, ikastaroan, xaboi pastillak, xaboi pilulak eta xaboi likidoa egiten ikasiko dute parte-hartzaileek. Bi taldetan banatuko dituzte saioak, batzuk euskaraz izango baitira, eta besteak gaztelaniaz. Euskarako taldeak urriaren 14an, 21ean eta 28an egingo ditu saioak, gaztelaniakoak, berriz, azaroaren 4an, 11n eta 18an.

Izen-emate epea igaurtik hasi eta urriaren 9ra arte izango da, eta interesatuek eraztunberdeurdina@zarautz.eus helbide elektronikora idatzi beharko dute.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide