UEMAk sortutako Esnatu dinamikak geldialdia egingo du Zarautzen: aurkezpena egingo dute asteazkenean, hilaren 30ean, 18:30ean, Etxezbala aretoan. Euskarak arnasguneetan eta udalerri euskaldunetan bizi duen egoeraz kezkatuta sortu zuten dinamika, eragileak ahaldundu eta egoerari buelta emateko asmoz.
Apirilaren 14an egin zuten dinamikaren lehen aurkezpen ofiziala, Orion. Bertan, ondorengoa esan zuen Martin Aramendi Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) lehendakariak: "'Esnatu ala hil' esan digute ikerlari, soziolinguista eta euskaltzale adituek, eta udalerri euskaldunok eta hainbat eragilek, dagokigun arduratik, argi dugu: esnatzea da gure hautua". Ildo horretatik, UEMAk dio "gaur egun bezala jarraituz gero, eremu euskaldunenean ere euskarak atzerantz egingo duela" diotela ikerketek, eta egoera hori "iraultzeko arduratik" sortu dutela Esnatu.
Izan ere, UEMArk horrela eskatuta, Siadecok Nora doa euskara? Euskal Herria 2036. Proiekzio demolinguistikoa ikerketa egin zuen iazn, eta, bertan, "alarma gorria" piztu zuten hainbat ondorioa atera zituzten. Lehenengo ondorioak zioen aldaketa demografiko handia eta azkarra ari dela gertatzen, eta UEMAren ustez, "hizkuntza politikak kontuan hartu behar du aldaketa hori". Bigarrenik, euskararen ezagutza goraka doan arren, aldagai trinkoenetan atzeraka ari dira udalerri euskaldunenetan ere, "eta horrek eragina dauka erabileran". Hirugarren ondorioa honakoa izango litzateke: bide honetatik jarraituta, hamar urtean ez da arnasgunerik geratuko Euskal Herrian.
Hain zuzen ere, ikerketa horri esker jasotako informazioa herritarrekin partekatu nahi du UEMAk, eta, bide batez, txostenean jasotako ondorioek duten garrantzia azaldu.
Hiru gai nagusi
UEMAk, Zarauzko Udalak eta Zirika Euskara elkarteak antolatu dute Zarauzko hitzaldia, eta UEMAko euskara teknikari Goizane Aranak gidatuko du. Hiru gai landuko dituzte nagusiki: lehenengoa Euskal Herriko eta Zarauzko egoera soziolinguistikoaren diagnostikoa eta bilakaera laburra izango da; bigarrena UEMAk aurkeztu duen Lurralde Estrategiaren aurkezpena; eta, hirugarrena, Zarauzko eta Urola Kostako eragileek udalerri euskaldunei eusteko zer egin dezaketen aztertzea.