Zarauzko Udalak Aranzadi Zientzia Elkartea kontratatu du udalerriko hezeguneetako bioaniztasuna aztertzeko, eremu horietako fauna, flora eta onddoen inbentarioa egiteko, eta ondoren, kudeaketa proposamenak lantzeko. Gainera, ikerketaren emaitzak herritarrei ezagutaraztea izango da lanaren beste helburuetako bat.
Inaxio Illarramendi Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, lanaren helburua Zarautzen dagoen ondare naturala hobeto ezagutzea eta etorkizunean behar bezala babestu eta kudeatzeko beharrezko informazioa eskuratzea da: "Lan honen helburua da gure inguruko bioaniztasuna hobeto ezagutzea: zer espezie eta habitat ditugun, zein egoeratan dauden eta zer behar duten etorkizunean behar bezala babestu eta kudeatzeko", adierazi du.
Azterlanak arreta berezia jarriko du udalerriko hezegune baliotsuenetan, besteak beste, Asti-Irita inguruan, Santa Barbarako Zingira basoan eta Itulazabalgo eremuan. Aranzadiko langileek datozen hilabeteetan hainbat behaketa eta laginketa egingo dituzte eremu horietan, bertako espezieak eta habitatak identifikatu eta haien egoera aztertzeko.
Ikerketa ez da udazkenera mugatuko. Lehenengo behaketak sasoi honetan egingo dituzte, eta udaberrian osatuko dute inbentarioa. Izan ere, espezie guztiak ez dira urteko garai berean ikusgai edo identifikatzeko moduan egoten, eta horregatik, urtaro desberdinetan egindako behaketak beharrezkoak izango dira udalerriko bioaniztasunaren ikuspegi ahalik eta osatuena izateko.