Azken lasterketa jokatu du Zarauzko Jira-Bira klubeko gizonezkoen taldeak. Abuztuaren hasieran jakinarazi zuen klubak datorren denboraldian ez duela mutilen talderik izango, "amateur mailak duen noraeza" dela eta. Beasainen (Gipuzkoa) jokatu zuten larunbatean azken lasterketa, Loinatz proba.
Klubaren hitzetan amaiera "gozoa" izan da, "txirrindulariek azken egunera arte jakin izan dutelako taldearen nortasuna aldarrikatzen". Loinatz proban, taldeko kide guztien lanari esker, taldekako garaipena eskuratu zuen Jira-Bira klubak. Gainera Asier Arteagak tarteko helmugak bereganatu zituen, eta Igor Iriarte bosgarren postuan sailkatu zen. Lohann Vulliez zortzigarren postuan sailkatu zen, bikaina lortu zuen ere eta lortutako postuei esker Lehendakari Txapelketako sailkapen orokorrean hirugarren postua lortu zuen.
Jira-Birak afizionatu mailaren aldeko aldarria egiteko baliatu zuen kirol hitzordua. "Hamasei urteren ostean taldeak maila honetan tokirik ez duela sentitzeak eraman du proiektu honekin amaitzera", azpimarratu zuen. Haren esanetan, Beasainen erakutsi zuten "taldeko gazteek sen borrokalaria izateaz gain, emaitzak lortzeko gai direla. Baina azken urteetan hau bezalako taldeak katearen parte izateari utzi diote, sistema guztiak profesionaltasun goiztiarrera bideratuta baitago".
Hori horrela, Jira-Birak harro dio gordeta geratzen direla "urte hauetan zehar hazitako ia hamar txirrindulari profesionalez gain, klubetik igarotako gazteak eta gaur egun euskal gizartearen profesionalak direnak".