Zarauzko Jira-Bira klubak ez du gizonen talderik izango datorren denboraldian. Erabaki hori hartu du klubeko zuzendaritzak, "amateur mailak duen noraezak" eraginda. Ondorioz, hamasei urteko ibilbidea egin eta ehun txirrindulari gazteri aukera eman ostean, gizonen taldea ez da errepidean izango 2027an.
Azken urteetan afizionatuen mailaren noraeza handitzen doala uste du Jira-Biraren talde gidariak: "Profesionalismora begira bakarrik ari den maila bilakatu da, amateurismoari begiratzen ez diona. Jira-Birak, baina, beti bokazio bakarra izan du: afizionatuen maila". Zuzendaritzak adierazi duenez, Zarauzko klubak afizionatu mailako formakuntza erdigunean jarrita lortu du 16 urteotan erronkak gainditzea, baina egoera aldatu egin da. "Orain, proiektua baino jauzia emateko aukerak baloratzen dituen txirrindularitzan, zentzurik ez du Jira-Biraren proiektuak", esan dute.
Urteotako ibilbidea errepasatzeko ere baliatu dute oharra Jira-Birakoek, eta gogorarazi dute pistako txirrindularitzako klub xume gisa eman zituztela lehen pausoak 2010ean, Ismael Etxarriren eskutik. Ordutik "etengabeko" hanzkundea izan du taldeak, eta izen aldaketak izen aldaketa, aurrera egin duela azpimarratu dute.
Ibilbidean ehun kirolariri baino gehiagori amateur mailan aritzeko aukera eskaini dio klubak, eta zuzendaritzak adierazi duenez, taldean aritutako txirrindulari batzuek profesional mailara iristea lortu badute ere, kirolarien formakuntza eta kirol jarduna uztartzea izan da taldearen garaipenik handiena. "Klub osoarentzat betidanik izan da lehentasuna kirolariek, afizionatu mailan lehiatzearekin batera, goi mailako formakuntza uztartu ahal izatea. Horrela, etorkizuneko euskal gizarterako irakasleak, arkitektuak, matematikariak, informatikariak, ingeniariak, kazetariak, teknikariak eta abar sortzen lagundu du klubak".