Zarautzen eta Azpeitian Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Elkarteak antolatutako ekintzak egingo dituzte. Aste honetan hasita, abendura bitartean izango dira pazienteak eta senideak artatzeko jarduerak. Horien artean, arreta zerbitzua eta beharrezko materialen mailegua eskainiko dituzte, besteak beste.
Zarauzko jarduerei erreparatuz, urriaren 1ean, Zarauzko Silc yoga zentroan (Herrikobarra, 15) arnasketa tailer bat eskainiko dute, 16:00etan hasita. Urriaren 22an, 17:30ean, Bularreko minbizia eta eraldaketa izeneko tailer bat egingo dute Emakumeen Etxean. Bestalde, Urriaren 29an, Death Cafe solasaldia egingo dute Zarautz Herri Zaintzailea taldeak gidatuta, Balea kaleko 2. zenbakian. Azkenik, Duelo y navidad izeneko hitzaldia eskainiko dute Antoniano aretoan abenduaren 2an, 17:30etik aurrera.
Horrez gain, hiru hilabetez nikotina kontsumitzeko modu berrien inguruko ikastaroak emango dituzte gurasoentzat eta hezitzaileentzat. Era berean, erretzeari uzteko taldea osatuko dute. Online izango dira bi eskaintza horiek. Azkenik, Emakumeen Etxean Bularreko minbizian bidelagun jarduera egingo dute azaroaren 5ean, 17:30ean.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Elkarteak eskainiko dituen jarduera guztiak doakoak izango dira eta ez da beharrezkoa elkarteko bazkide izatea parte hartzeko. Izena, hala ere, aldez aurretik eman behar da, eta horretarako 943 45 77 22 zenbakira deitu daiteke, edo gipuzkoa@contraelcancer.es helbidera mezu bat bidali. Informazio gehiago elkartearen webgunean aurkitu daiteke.