Zarauzko Udalak arrakastaz burutu du herriko animalien ongizaterako eta bizikidetzarako ordenantza berriari forma emateko bigarren lan-bilera irekia. Irailaren 15ean bildu ziren Etxezabalako bilera aretoan herritarrak, elkarteetako ordezkariak, alderdi politikoak eta katu-kolonietako zaintzaileak, eta aurreko fasean jasotako ekarpenak oinarri hartuta osatutako araudiaren lehen eskema aurkeztu zuten bertan.
Proposamen eta kezka ugari azaleratu ziren bileran zehar, eta horri esker, udalak herriko ikuspuntu eta errealitate anitzak jasotzen dituen material baliotsua bildu du. Inaxio Illarramendi Animalien Ongizateko zinegotziak adierazi duenez, "lehen eskema hau abiapuntu sendoa da, baina oraindik gauza ugari daude zehazteko eta erabakitzeko". Zarautz guztia ordezkatuta sentituko den araudi errealista eta adostua lortzea dute helburu, eta bide horretan jarraituko dutela adierazi dute.
Hemendik gutxira ordenantza berriaren lehen zirriborro osoa osatuko dute, eta udalak gogorarazi du behin betiko ordenantza idatzi arte herritarrek eta eragileek prozesuan parte hartzen jarrai dezaketela. Gainera, herritarrek animalien ongizatearen inguruko bestelako iritziak, kezkak edo proposamen berriak bidaltzen jarraitzeko aukera dutela adierazi dute, animaliak@zarautz.eus helbidera idatzita.