Marea urdinak herria hartu du gaur. Zarautz Arraun Elkarteak (ZAE) ametsa bete du, eta garaipenak bakarrik ez direnez ospatzen, herri oso bat zuten zain Portugaletetik (Bizkaia) etxera itzuli direnean. Enbata-ko emakume zein gizonak maila gorenean ariko dira datorren denboraldian, asteburu honetan zein, oro har, denboraldi osoan zehar erakutsitako esfortzu eta lan gogorrari esker. Eta, espero bezala, zaleek, senideek eta lagunek ahalegin hori aitortu nahi izan diete.
Salbideko parkean elkartu dira bi traineruetako arraunlariak eta zaleak, eta handik kalejira egin dute Lege Zaharren Enparantzara iritsi arte. ZAEko lehendakari Nagore Arrutiren hitzak errepikatuz, "gutxitan ikusi da plaza hain urdin". Hala, arraunlariak txalo zaparraden artean hartu dituzte, eta plazako oholtzatik esker oneko hitzak, bertsoak eta, noski, herriarekin batera Gora Enbata! oihukatzeko aukera izan dute.
Festa luzea dute aurretik arraunlariek gaurkoan, baita merezitako atsedena ere. Baina laster izango dira berriro uretan. Eta gaur, behintzat, argi geratu da datorren denboraldian ere herri oso bat izango dutela atzean: telebistatik zein aurrez aurre, palada bakoitzaren atzetik.