Maila gorenean aritzeko palada sendoa eman du 'Enbata'-k: bigarren egin dute bi ontziek

Maddi Txintxurreta

'Enbata'-ren gizonezkoen trainerua, artxiboko irudi batean. (Julene Sorarrain)

Bermeon jokatu dituzte Euskotren nahi Eusko Label ligetarako play-off-eko estropadak, eta ondo aritu dira Zarauzko emakumeak eta gizonak. Bigarren egin dute biek ala biek, beraz, datorren denboraldian maila gorenean aritzeko ametsari eusteko arrazoiak dituzte oraindik. Bihar jakingo dute ametsa errealitate bihurtuko den edo ez.

Bermeoko (Bizkaia) itsaso bihurrian, Izaro uharteak edertutako paisaian, jokatu dituzte gaur arratsaldean Euskotren eta Eusko Label ligetarako play-off-ak. 2026ko arraun denboraldiaren hondarretan, bikain aritu dira herriko traineruak. 

Zozketak hala erabakita, laugarren irten da Zarauzko emakumezkoen trainerua, erlojupekoan aurreko hiruen denborak hobetzeko helburuarekin, eta, oroz gain, hirugarren abiatu den Hondarribiak, Enbata-koen aurkari zuzenak, gainditzeko setaz.

Ama Guadalupekoa ontziko arraunlariek akatsik gabeko estropada egin dute, eta 11:17.86ko denbora finkatuta. Zarauztarrek ondo eutsi diote presioari, eta arraunketa indartsua erakutsi dute hasieratik bukaeraraino. Pare-parean egin dute arraun bi ontziak, baina azkenerako, 11:20.22ko denbora eginda amaitu dute estropada zarauztarrek, Hondarribiaren atzetik.

Sorpresa, aldiz, Donostiarrak eman du: lehen mailari eusteko borrokan den trainerua faborito zen gaurko estropadan, baina bi puntu besterik ez ditu lortu, eta 10 segundoko errenta atera diote zarauztarrek, Tiranei, berriz 25 segundo. Donostiarri ateratako denbora aintzat hartuta, datorren denboraldian Euskotren ligan lehiatzeko aukera gertu du Enbata-k; hala ere, bihar Portugaleten (Bizkaia) emango dituen paladek izango dute azken hitza.

Gizonak, bigarren

Datorren denboraldian Eusko Label ligan jokatzeko txartela lortzeko lehian diren bost traineruak uretaratu dira emakumezkoen play-off-a amaitu ostean, horien artean, KAE 1 ligan maila bikaina erakutsi duen Enbata-ren ontzia.

Hirugarren abiatu da Zarautz, Tiranen eta Aresen atzetik. Enbata-ko mutilek bigarren amaitu dute ligan, Deustoren atzetik, beraz, bizkaitarrak gainditzea edo, bederen, haiengandik gertu amaitzea zuten erronka.

Galiziako Cabo eta Tiran ontziek denbora dezente galdu dute lehenengo luzean, eta Aresek eutsi dio estropadaren buruari lehen luzean, baina haren parean jartzea lortu dute Deustok nahiz Zarautzek. Deusto izan da bigarren ziaboga egiten azkarrena, eta arraunketa sendoari eutsita, bost segundoko abantaila lortu du Aresen eta Zarautzen aldean. Enbata-k, beraz, espektatibak aldatu eta Ares irabaztea izan du erronka estropadaren amaieran. Lortu du: 21:03.42ko denbora eginda, hiru segundo atera dizkio Aresi, eta Tomatera ontziarekiko 8 segundo atzetik amaitu ditu lanak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide