Erretratua

Ainara Alkorta: "Herritarrekin elkarlanean aritzea oso aberasgarria da"

Enara Ariznabarreta, Gorka Eizagirre eta Urtzi Oteiza

Hiruputzu gaztetxean margotu duten muralaren egilea da Ainara Alkorta margolaria. Artea txikitatik izan du bere bizitzaren parte, eta papera, arkatza eta kolore pila bat inguruan dituela bizi izan da beti. Iraileko Zarautz Guka aldizkarian argitaratutako bideo elkarrizketa da honakoa.

Ainara Alkortak (Zarautz, 1996) "bere bidea bilatzen ari den margolari zarauztar" gisa deskribatzen du bere burua. Bera da Hiruputzu gaztetxean margotu duten muralaren diseinatzailea ere. Berak diseinatu zuen, gero herritarrek margotzeko. Asanbladako kideek proposamena egin ziotenean, ez zuen zalantzarik izan, eta baiezkoa eman zuen: "Irudia proposatu nien, eta hasieratik gustatu zitzaien".

Zarauzko herriaren laguntza ezinbestekoa izan du murala margotzerako orduan, izan ere, hain gauza handia margotzen zuen lehen aldia zuen. Prozesua "oso polita eta oso erraza" izan zela dio, jende ugari joan baitzen murala elkarlanean margotzera. "Prestutasun handia erakutsi dute herritarrek proiektu hau aurrera ateratzerako unean".

Txikitako pasioa

Alkorta txiki-txikitatik jardun izan da margoen artean. Aitona zizelkaria eta aita eta izeba arkitektoak zituen, beraz, arteari lotutako familia da berea. Dena dela, zaletasuna etxetik etorrita ere, pinturarekin jarraitzea "hautu kontzientea" izan dela dio. Eta bidea beti erraza izaten ez den arren, eta gorabehera batzuk izan dituen arren, aurten pinturako masterra egin du Leioan (Bizkaia).

Erreferente artistikoen artean hainbat nabarmendu ditu: "Beti interesatu izan zait Baconen lana, eta asko gustatzen zait Celia Paul, baita hil berri den David Hockney ere".

Etorkizuna

Margolanak saltzea erraza ez dela aitortu du zarauztarrak. "Nire filosofia, edozer eskaintzen dizutela ere, baietz esatea da", eta "gero ikusiko da erakusketa moduan aterako den ala ez".

Haren ustetan, "gakoa, askotan, nola margotu izaten da, eta ez zer margotu". Bere burua askatzeko eta exijentziak alde batera uzteko bidea gauzatzen ari dela azaldu du, asko ari dela ikasten, eta bere helburu nagusia ibilbide horrekin aurrera jarraitzea dela.

Uneotan eskuak aske ditu Alkortak, ez baita proiektu jakin batean lanean ari, eta proposamenetara zabalik da. Mural bat egiteko aukera egon litekeela komentatu diote; agian hori izango du hurrengo proiektua.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide