Zarautzek zortzigarren bukatu du Kontxan

Aritz Mutiozabal

Zarauzko traineruko arraunlariak portuan, estropada jokatu ondoren. (Arnaitz Rubio Aprea)

Enbata-k ezin izan dio eutsi lehen jardunaldian lortutako zazpigarren postuari, eta gaurkoan Oriok aurrea hartu dio. Kontsolazio txandan lehiatu da, estropada borrokatua jokatuz. Kontxako Bandera Arraun Lagunak-ek irabazi du beste urte batez.

Arraun Lagunak-ek ez du hutsik egin eta egundoko estropada eginda (10:31,32), bosgarren Kontxako Bandera erdietsi du. Hala, San Juanen eta Galiziaren marka berdindu du Donostiako traineruak gaurko garaipenarekin. Txanponaren beste aldean, Zarautzek zortzigarren postuan amaitu du sailkapen orokorreran. Enbata-ko neskak zazpigarren izan ziren duela astebete, Orioren aurretik, baina gaur postu trukea egon da.

Edonola ere, kontsolazio txanda beneta borrokatua jokatu dute Oriok eta Zarautzek, Hibaika eta Donostiarrarekin batera. Bizi atera dira lau traineruak, eta hasieratik buru jarri da Hibaika, estropada irabazteko asmo argiarekin. Gainerako ontziek, baina, ongi eutsi diote joaneko luzean. 

Ziaboga egiterakoan Hibaika atera da aurretik, baina orpoz opo izan ditu Orio segundo batera eta Donostiarra eta Zarautz bi segundora. Poparean, ordea, erritmoa bizitu du errenteriako traineruak, eta badian sartzerako nabarmen jarri da aurretik, aldeak areagotuz, eta 10:49,70eko denbora eginez txanda irabazi du.

Atzeko hiruen arteko lehia oso estua izan da, baina apurka-apurka Enbata atzean geratzen joan da, laugarren postuan (11:01,28). Azken txanpan, helmugaratzeko metro gutxiren faltan, donostiarrek aurrea hartu diote oriotarrei, eta ehuneko eskas batzuengatik bigarren tokia ziurtatu dute (10:59,26). Oriorentzat izan da txandako hirugarren postua (10:59,60).

Gaur arratsaldean, 19:00etatik aurrera, harrera egingo diete Zarauzko arraunalariei herrian. Musika Plazatik txistulariekin etorriko dira, eta ondoren udaletxeko balkoira aterako dira.

Sailkapena

1. Arraun Lagunak 10:31,32
2. San Juan 10:41,82
3. Tolosaldea 10:46,68
4. Astillero 10:48,04
5. Hibaika 10:49,70
6. Donostiarra 10:59,26
7. Orio 10:59,60
8. Zarautz 11:01,28

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide