Kontxako 131. Banderaren bigarren eta azken jardunaldia jokatuko dute bihar, igandea, Donostiako uretan. Zirrara eta lehia bizia espero dira biharko hitzordurako ere. Bandera lortzeko kinieletatik urrun, lehen txandan egingo dute arraun Zarauzko Enbata ontziko emakumeek. Arraun Lagunakek irabazi zuen joan den igandean lehen jardunaldiko estropada 10.49,68 denbora eginda, eta Zarautz hemezortzi segundo eskasera zazpigarren postuan sailkatu zen; zehazki, 00.18,08 denborara sartu ziren.
Hori hala, lehen txandan aritu beharko dute Enbata ontziko arraunlariek bihar, Oriorekin, Hibaikarekin eta Donostiarrarekin batera. Joan den asteko sailkapeneko postuaz harago, "balorazio oso ona" egin du Juanjo Etxarte Zarauzko emakumeen entrenatzaileak. "Lehen aldiz lehiatu ginen Kontxan joan den astean, eta urduritasuna nabaritu genuen. Nolanahi ere, mokoka, borrokan, aritu ginen ligako goiko traineruekin. Estropadaren zati batean pixka bat nahastu ginen, eta segundo batzuk galdu genituen. Ordea, lortu genuen huts horretaz jabetzea, eta luze oso ona egin genuen, laugarren luze onena".
Biharko egunari begira, "berriz ere gerrara" joango da Enbata, baina Kontxaren osteko hitzorduak ahaztu gabe: "Trainerua prestatzen ari gara, ez bakarrik Kontxako estropadarako, baita datorren asteburuko play-off-etarako ere. Gu borrokatzera goaz, eta ahalik eta emaitzarik onena lortzera. Sentsazio onen bila abiatuko gara, gustura gelditzeko nahiarekin", dio Etxartek. Entrenatzaileak "oso motibatuta" sumatzen du taldea. "Arraunlariek badakite zer une bizitzen ari garen, zer dagoen jokoan eta nora goazen. Oso animatuta eta gustura daude". Sentsazio onekin amaitu nahi dute Zarauzkoek biharko saioa. "Kontxako estropada prestakuntza garrantzitsua da play-off-ei begira, eta biharkotik ondo ateratzea lortzen badugu, oso garrantzitsua izango da etorkizunerako".