Euskal Astea 2026

Etxeko txikienek dantzaz bete dute herria

Enara Ariznabarreta

Txikiek Daltzari Txikien Bilkuraz gozatzeko aukera izan dute gaur goizean. Guztira sei dantza talde desberdinetako 270 dantzari aritu dira.

Eguraldia lagun, baina bero handiarekin, goraino bete da Lege Zaharren Enparantza gaurko egunean. Etxeko txikienen Euskal Astearen barruko egun ofiziala da gaurkoa: Haurren Euskal Jaia, hain zuzen ere. Ohi bezala, Daltzari Txikien Bilkura egin dute goizean hasi eta eguerdira arte, Jalgi dantza taldearen gidaritzapean.

Zarauzko dantza taldearekin batera, beste bost herritako taldeak izan dira aurtengo hitzorduan, guztira 270 dantzari bilduz. Zarauzkoaz gain, Gabiriako, Oñatiko, Mutrikuko, Zumarragako eta Usurbilgo dantza taldeek hartu dute parte. Lege Zaharren Enparantzan egin dute lehen topaketa, eta elkarrekin Agintariarena eta Agurra dantzatu dute, bertaratu direnen txalo zaparradaren laguntzaz. Ondoren, kalean zehar ibili dira, hiru ibilbide ezberdin eginez. Lehenengo ibilbidea Musika Plaza, Santa Marina kalea eta Astazubi enparantza izan da; bigarrena, Udaberri elkartea, Torre Luzea eta Musika Plaza; eta, hirugarrena, Torre Luzea, malekoia eta Frontoi Txiki. Amaieran, 13:00ak aldera, berriz ere Lege Zaharren Enparantzan elkartu dira, eta zazpi dantza eskaini dituzte: Txulalai, Txontxongilo, zinta dantza, banakoa, fandango eta arin-arina eta Jalgi dantza. Azkenik, bazkaltzera joan dira.

Arratsaldean aurrera jarraituko du jaiak, Iñurritza auzoan. 17:30an abiatuko da kalejira Musika Plazatik, buruhandi, erraldoi, Zarautztrik taldeko trikitilariekin eta Kitadelpare txarangarekin. Iñurritzan puzgarriak izango dira haurrentzat eta nerabeentzat, eta erromeriaz gozateko parada izango da Itzal taldearen eskutik. Egunari amaiera emateko, kalejira 20:00etan itzuliko da Musika Plazara.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide