Euskal Astea 2026

Xalak distira egin du Euskal Asteko pilota jaialdian

Julene Sorarrain

Zarauzko Euskal Astearen barruan, aparteko pilota jaialdiak hartu zuen Aritzbataldeko frontoia atzo arratsaldean. Partida nagusian, Yves Salaberri 'Xala' eta Aranguren nagusitu ziren, Jokin Bidezabal eta Albenizi irabazi ostean. Erakustaldiak giro bikaina sortu zuen frontoiko harmailetan, eta gozatu ederra hartu zuten bertaratu ziren ikusleek. 

Aurten, estreinakoz, aparteko pilota ikuskizunaz gozatzeko aukera izan da Zarauzko Euskal Astean. Hain zuzen ere, ZKE Pilota atalak antolatuta, pilota jaialdiak hartu zuen atzo arratsaldean Aritzbataldeko frontoia. Guztira, zortzi pilotari aritu ziren lehian atzoko jardunaldian, tartean Yves Salaberri Xala. Erakustaldiak giro bikaina sortu zuen frontoiko harmailetan, eta gozatu ederra hartu zuten bertaratu ziren ikusleek.

Xalak oraindik ere maila handia duela erakutsi zuen, tanto bikainak eginez, eta pilotazaleek txalo zaparrada handiarekin agurtu zuten txapeldun handia. Izan ere, Arangurenen laguntzarekin, 22-17ko markarekin irabazi zien Jokin Bidezabal zarauztarrari eta Albenizi.

Lehen partidak ere giro polita sortu zuen. Eneko Bidezabal zarauztarra eta Galarraga nagusitu ziren norgehiagoka horretan, 22-14ko markarekin, Otaegi eta Caballeroren bikotearen aurka. Hortaz, antolatzaileen hitzetan, "arrakasta handia" izan du lehen aldiz Euskal Astean antolatutako pilota jaialdiak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide