Euskal Astea 2026

Haizea Aranak eskuratu du Lizardi Sariko txapela

Enara Ariznabarreta

Bertsolari Gazteen 50. Lizardi Sariko irabazlea eta finalistak. (Utzitakoa)

Uxue Alberdik 42. Basarri bertsopaper lehiketako bertso sorta sariduna abestu zuen atzo iluntzean.

Atzo iluntzean jokatu zuten Bertsolari gazteen aurtengo Lizardi Sariko finala, Modelo aretoan, eta Haizea Arana eskoriatzarra nagusitu zen 272,5 punturekin. Arana oso fin aritu zen atzoko finalean eta ongi merezitako txapela lortu zuen. Aitor Alberdik, 2017tik antolakuntzan egondakoak, txapeldunari txapela jartzeko aukera izan zuen.

Haira Aizpuruk gertutik jarraitu zion Aranari, eta 271 punturekin bigarren postua eskuratu zuen. Hirugarren postua, berriz, Maddi Aiestaranentzat izan zen 262 punturekin. Haren atzetik, ondorengoak sailkatu ziren: Bittor Altube abadiñarra, 253,5 punturekin; Irantzu Idoate hazpandarra, 249,5 punturekin; eta azkenik, Martin Abarrategi aramaioarra, 246 punturekin.

Halaber, 42. Basarri bertsopaper lehiaketako bertso sorta sariduna entzuteko aukera izan zuten atzo bertaratu zirenek. Uxue Alberdi bertsolari eta idazle elgoibartarrak lehen aldiz abestu zuen bertso sorta, Kantu egin behar det doinuan.

1) Gogoan dauzkat marka

kolorea, forma...

Opel Kadett marfila,

bertan lau pertsona.

Memorian lotuta

dauzkat handik hona

aitaren kolonia,

gasolina, goma,

herri irteerako

surtidore ona

ta Sugusak ematen

zizkidan gizona.

 

2) Lehenago izan ziren

Citroen horia

ta Dyane 6 laranja

-aitaren loria-.

Erroma, Soria...

bikote maitemindu

baten euforia.

Hala ikasi nuen

zer zen memoria

ta ni baino lehen hasi

zela historia.

 

3) Pinu berde ilun bat

aurrean zintzilik,

ama etzanda lotan

ta aita isilik.

Gu_atzean belauniko

ta gero bil-bilik

inguruetn bazen

guardia zibilik...

Jolasa zen ez zirkin

ez arnas debilik

ea lortzen genuen

irautea hilik.

 

4) Sutan Errenteria,

Elgoibar, Hernani,

kaleak barrikada,

pintada ta mani.

"20 urte erori

zitzaizkion Roldani",

"etsitzea tokatu

zaio Leitzarani",

"Tourrean Lejarreta

eta Cabestani...",

ta atzeko partean

bakean lotan ni.

 

5) Baina denborak badu

 bere kadentzia,

ta Kadettak herdoila

ta dekadentzia.

Hilekoa zen marka

ta ebidentzia,

hil zela auto hura

ta inozentzia.

Horrela lotu ziren

Vectra bat, zientzia,

urdin elektrikoa

ta adoleszentzia.

 

6) Ta aitaren autotik

gizonen katean,

nengoen mutil baten

auto granatean.

Esku nerbioso bat

kamisetapean,

lurruna leihoetan,

bera bolantean...

haragiak ulertu

zuen bat-batean

zerbai utzi zuela

atzeko partean.

 

7) Batu ziren gasoila

ta bertsolaritza,

nire lehen soldaata

ta udako brisa,

lehenengo bolantea,

frenoa, txasisa...

Nahi banuen gelditu

eta egin txixa,

bertan lo egin edo

gidatu Parisa...

nire zain egoten zen

Toyota Yarisa.

 

8) Gero elkartu ziren

heriotz-ezkilak,

helduaro bat eta

bi umeren sillak.

Kotxe heredatuan

kantu infantilak,

"lotu gerrikoak!" ta

"itxi bentanillak!"...

Nola sartzen dituen

egunen gurpilak

auto bakar batean

biziak ta hilak.

 

9) Asteazken goiz batez

Ford C-Max kakian,

oraindik erdi lotan

goizeko flakian.

Gerrari bolumena

jaitsi irratian,

bonba hotsak airean

ta ni terapian...

Salbu sentitzen gara

gure lubakian

bakoitza norberaren

txatarra zatian.

 

10) Leihoan euri tantak,

bi zeru more han...

Orain bakarrik noa

auto dotorean.

Denbora kopilotu

dut isil-gordean,

nahiz noan abiada

kontserbadorean,

begia zerumuga

erredentorean...

Zerbait desagertu da

retrobisorean.

(Argazkiak: utzitakoak).

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide