Jone Arriaran eta German Aranburu Binakako Dantza Txapelketako garaile, aurten ere

Enara Ariznabarreta 2026ko irailaren 2a

Bigarren postua Onditz Esnaola lizartzarrarentzat eta Gorka Granado sopeloztarrarentzat izan zen, irabazleei gertutik jarraituz. Hirugarren postua eta, era berean, jantzi onenaren saria Ane Jaunarena eta Endika Osa lezotarrentzat izan zen. 

Goraino bete zen atzo Lege Zaharren Enparantza, Euskal Astearen lehen egunean. Herritarrek eta bertaratutakoek Helduen Binakako Dantza Txapelketaz gozatzeko aukera izan zuten, giro paregabean. Erakustaldi ederra eskaini zuten oholtzara igo ziren hamar bikoteek, fandangoa eta arin-arina dantzatuz; hasieran hamaika parte hartzaile iragarrita bazeuden ere, Nora Davilak eta Julen Lertxundik ez zuten lehiaketan parte hartu.

Beste behin, txapela Jone Arriaran eta German Aranburu azpeitiarrentzat izan zen, 73 punturekin, iaz baino puntu bat gutxiago. Onditz Esnaola lizartzarrak eta Gorka Granado sopeloztarrak gertutik jarraitu zieten sailkapenean, izan ere, puntu batera geratu ziren. Txapelaz gain, 200 euro eta trofeoa jaso zuten garaileek, eta saria jaso ostean, berriro igo ziren oholtzara jendaurrean dantzan egitera. Txapeldunordeek, berriz, 180 euroko saria jaso zuten.

Iaz bezalaxe, aurten ere, Ane Jaunarena eta Endika Osa lezotarrek eskuratu zuten hirugarren postua, 70 punturekin, baita jantzi onenaren saria ere; 160 euro lortu zituzten eta beste 100 euro sari bereziagatik, alegia. Laugarren postua, azkenik, Ihintza Erauskin eta Mikel Esnaola lezotarrentzat izan zen, 65,25 punturekin;  eta hauek 140 euroko saria jaso zuten.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide