Tradizioz eta nortasunez jantzita dator Euskal Astea

Intza Trula 2026ko abuztuaren 26a

Xabier Txurruka Zarauzko alkatea, Euskal Astearen kartela eskuetan duela. (Intza Trula)

Bihar hasiko da Euskal Astea, eta irailaren 9an amaituko da, Euskal Jai Egunean. Programak ohiko osagaiak izango dituen arren, bada berrikuntza bat: irailaren 5ean pilota jaialdia egingo dute estreinakoz. Munoako obrak tarteko, zenbait ekintza lekualdatu dituzte; adibidez, Euskal Jai Egunean, Alprojak Zelai Ondon antzeztuko du.

Azken hilabeteotan festa bat bestearen atzetik izan da Zarautzen, ia etenik gabe. Malekoian, Musika Plazan zein auzoetan izan da udaz lagunartean zein familian gozatzeko aukera, eta horixe egin dute haur, gazte zein heldu ugarik. Dena den, oraindik ere denboraldiko hitzordu nagusia geratzen zaie zarauztarrei: irailaren 9ko Euskal Jai Eguna, hain justu ere. Xabier Txurruka Zarauzko alkateak gaur aurkeztu du egun handiko egitaraua, baita aurreko egunetako Euskal Astearen programa osoa ere.

Aurtengo Euskal Asteak bihar izango du lehenengo eguna, eta Euskal Jai Egunarekin amaituko da. Alkateak azaldu duen moduan, ohiko osagaiak izango ditu egitarauak, baina izango da berrikuntza bat: irailaren 5ean, larunbatez, pilota jaialdia egingo dute Aritzbataldeko pilotalekuan. Ives Salaberri Xala izango da hitzorduko gonbidatu berezia, eta sarrera doakoa izango da.

Horrez gainera, "azken urteetako arrakasta ikusita", aurten ere fandango eta arin-arin ikastaro irekiak eskainiko dituztela aditzera eman du alkateak. Frontoi Txikin izango dira, irailaren 1ean, 2an, 3an, 4an eta 7an, 17:30ean hasita, eta parte hartzeko ez da aurretik izena eman beharko. "Dantzarako gogotsu azaltzearekin nahikoa izango da", zioen Txurrukak.

Euskal Jai Egunari dagokionean, aurten bi herritarrek egindako karrozen erakustaldia egingo dute Lege Zaharren Enparantzan. Horietako bat Jose Luis Lasarena izango da, azkenaldian urtero aurkezten den herritarrarena. Bigarrenak, ordea, lehen aldia du hitzorduan: Amaia Zuazobidek, alegia.

Eremu aldaketak ere izango dira; izan ere, Munoako obrek behartuta, bertan egin izan ohi diren ekitaldiak lekualdatu dituzte. Esaterako, Alprojaren Euskal Jai Eguneko emanaldia Zelai Ondo auzoko kantxan izango da.

Euskal Astearen egitarauaren eskuorriak Zarauzko Turismo Bulegoan daude eskuragai. Zehazki, ondorengoa da programa: 

Bihar, abuztuak 27

  • 22:00. Bertsolari gazteen 50. Lizardi sariaren kanporaketa saioa, Santa Klaran.

Etzi, abuztuak 28

  • 22:00. Bertsolari gazteen 50. Lizardi sariaren kanporaketa saioa, Santa Klaran.

Irailak 1, asteartea

  • 17:30. Fandango eta arin-arin ikastaroa Jon Alkain eta Alaitz Garciarekin, Zarautztrikek lagunduta, Frontoi Txikin (euria egingo balu, Gaztelekuan. Ez da aurretik izena eman behar.
  • 19:00. Helduen Binakako Dantza Txapelketa, Lege Zaharren Enparantzan (euria bada, Modelo aretoan).

Irailak 2, asteazkena

  • 17:30. Fandango eta arin-arin ikastaroa Jon Alkain eta Alaitz Garciarekin, Zarautztrikek lagunduta, Frontoi Txikin (euria egingo balu, Gaztelekuan. Ez da aurretik izena eman behar.
  • 19:00. Euskal Asteko II. Trikitixa Jaialdia, Lege Zaharren Enparantzan (euria bada, Modelo aretoan). Parte hartzaileak: Amets Etxaide, Oihane Etxaide eta Haitz Lertxundi; Eneritz Zapirain, Aratz Olaizola, Jaione Eskudero, Larraitz Oñatibia eta Lierni Alkain; Kris Solano eta Iruzta; Lanberri eta Aldalur; Oier Illarramendi, Ioritz Txapartegi eta Aitzol Txapartegi.

Irailak 3, osteguna

  • 17:30. Fandango eta arin-arin ikastaroa Jon Alkain eta Alaitz Garciarekin, Zarautztrikek lagunduta, Frontoi Txikin (euria egingo balu, Gaztelekuan. Ez da aurretik izena eman behar.
  • 19:00. Bikote Gazteen Dantza Txapelketa, Lege Zaharren Enparantzan (euria bada, Modelo aretoan).

Irailak 4, ostirala

  • 17:30. Fandango eta arin-arin ikastaroa Jon Alkain eta Alaitz Garciarekin, Zarautztrikek lagunduta, Frontoi Txikin (euria egingo balu, Gaztelekuan. Ez da aurretik izena eman behar.
  • 22:00. Bertsolari gazteen 50. Lizardi sariaren finala, Modelo aretoan. Sarrera doan izango da, eta gonbidapenak Modeloko leihatilan jarriko dituzte saioa baino ordubete lehenago.

Irailak 5, larunbata

  • 11:00. Euskararen Aldeko Lasterketa, AEK-k antolatuta, Musika Plazatik. Izen ematea 10:15ean plazan bertan.
  • 11:30. 38. Aurresku Txapelketa, Lege Zaharren Enparantzan (euria bada, Modelo aretoan).
  • 14:30. Euskararen Aldeko Bazkari Herrikoia, EHE-k antolatuta, Musika Plazan.
  • Ondoren, kalejira.
  • 18:30. Euskal Asteko Pilota Jaialdia Xala txapeldunarekin, Aritzbataldeko frontoian. Sarrera doakoa izango da.

Irailak 6, igandea, Haurren Euskal Jai Eguna

  • 10:30. Dantzarien bilkura, Lege Zaharren Enparantzan.
  • 11:00. Kalejira, Imanol Urbieta musika eskolako txistulari eta trikitilariekin.
  • 11:15. Dantzariek Agintariarena eta Agurra dantzatuko dituzte, eta kalean ibiliko dira.
  • 13:00. Dantzarien harrera eta emanaldia, Lege Zaharren Enparantzan (euria bada, kiroldegian).
  • 13:30. Haurrak familietan banatuko dira bazkaltzeko, Lege Zaharren Enparantzan (euria bada, kiroldegian).
  • 17:30. Kalejira Musika Plazatik Iñurritzara buruhandi, erraldoi, Zarautztrik eta Kitadelpare txarangarekin. Ondoren, dantzarien bilkura Iñurritzan.
  • 18:00. Puzgarriak, Iñurritzan.
  • 18:15. Itzal taldearekin erromeria, Iñurritzan.
  • 20:00. Kalejira, Iñurritzatik Musika Plazara.

Irailak 7, astelehena

  • 17:30. Fandango eta arin-arin ikastaroa Jon Alkain eta Alaitz Garciarekin, Zarautztrikek lagunduta, Frontoi Txikin (euria egingo balu, Gaztelekuan. Ez da aurretik izena eman behar.
  • 20:00. Herriko kultur taldeen emanaldia: Sagardoa eta txakoliña, zarauztarron sendakiña. Lege Zaharren Enparantzan izango da (euria bada, Lizardi aretoan). Parte hartzaileak: Goizeko Ihintza txistulariak, Zarautztrik eskolako trikitilariak, Jalgi dantza taldea, Motxian Etxebeltz bertso eskolako Felix Zubia eta Aner Peritz bertsolariak, Zarautz Abesbatza, Udaberri abesbatza, Gure Boza kantu taldea, Goretti Aranburu eta Iratxe Aranburu antzerkilariak, eta Miriam Mendoza eta Pako Serras kontalariak.

Irailak 8, asteartea

  • 19:00. Alaken taldea, Musika Plazan.
  • 20:00. Zarautz Abesbatzak Salbea abestuko du Frantziskotarren elizan.

Irailak 9, asteazkena, Euskal Jai Eguna

  • 07:00. Diana kalez kale.
  • 08:00. Goiztarrak taldea kalez kale.
  • 08:00. Gure Boza otxotea kalez kale.
  • 08:30. Txistulariak, trikitilariak, dultzaineroak eta Iturengo tunturroak kalez kale.
  • 10:30. Meza nagusia Schola Cantorum abesbatzarekin, Frantziskotarren elizan.
  • Ondoren, Goizatarrak taldearen eskutik pilota partidak, herri kirolak eta bertsolariak, Frontoi Txikin.
  • 11:00-14:00. Egurrezko jolasak, Torre Luzea parkean.
  • 11:45. Alproja taldearen irteera.
  • 12:00. Alproja taldearen Asko genuen esateko antzezlana, Zelai Ondon.
  • Eguerdian, erromeria trikitilari, txistulari eta dultzaineroekin, Musika Plazan.
  • Ordu berean, erromeria trikitilariekin, Lege Zaharren Enparantzan.
  • 13:00. Karro lehiaketaren sari banaketa, Lege Zaharren Enparantzan.
  • 13:30. Erromeria Fan&Go taldearekin, Lege Zaharren Enparantzan.
  • Ordu berean, karrozak ikusgai, Lege Zaharren Enparantzan.
  • 14:00. Larrain dantza, Musika Plazan.
  • 17:30. Kalejira Musika Plazatik Iñurritzara.
  • 18:00. Haurrentzako jolasak, Iñurritzan.
  • 18:30. Erromeria trikitilariekin Iñurritzan, eta Eingo taldea Iñurritzako zelaian.
  • 20:00. Larrain dantza, Iñurritzan.
  • 20:30. Kalejira Iñurritzatik Musika Plazara.
  • 22:00. Bide Batez taldearen dantzaldia, Lege Zaharren Enparantzan.
  • 22:00. Trikitilariak Musika Plazan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide