Aurrerapausorik gabe, borrokan jarraitzen dute IATko langileek

Julene Sorarrain 2026ko abuztuaren 18a

Zarauzko IATko langileek kotxe eta karabanekin egin dute protesta gaur goizean herriko kaleetan zehar. (Julene Sorarrain)

Greba mugagabearekin jarraitzen dute Zarauzko eta Bergarako IATko langileek, eta gaurkoan, kotxe eta karabanekin egin dute protesta kalez kale.

Uztailaren 13an ekin zioten Zarautz eta Bergarako Itasua IAT zentroetako 55 langileek greba mugagabeari. Geroztik jada hilabete bat igarota, egoera berean jarraitzen dutela salatu dute. Aurreko astean, SKAPAko jaien bueltan, elkarretaratzea egin zuten langileek euren aldarriak defendatzeko asmoz, eta gaurkoan, kotxe eta karabanekin egin dute protesta kalez kale. Jakitera eman dutenez, euren egoera ikusarazteko ekintzak egiten jarraituko dute abuztuan zehar.

Pasa den ekainaren 26an iragarri zuen ELAk hiru greba egun deitu zituela Zarauzko eta Bergarako IAT zentroetan. Hiru lanuzte eginda, eta enpresak langileen proposamenei "ezezkoa" erantzun ziela salatuta, hilaren 13ean hasi zuten aipatutako greba mugagabea. "Gainera, greban dauden langileen lanpostuak kontratazio berriekin ordezkatzen ari da, eta hori greba eskubidea urratzea da", salatu zuen ELAk.

Langileek "hitzarmen propioa eta lan-baldintza duinak" eskatzen dituzte, eta kudeaketa pribatua duen baina zerbitzu publikoa eskaintzen duen jarduera izanik, "bertan sortutako aberastasunak" zerbitzua egunero posible egiten duten langileen lan-baldintzak hobetzen ere lagundu behar dutela diote. Beste IAT zentroek baino ordu gehiago lan egiten dutela ere azaldu zuten langileek, eurek baino soldata baxuagoekin.

IATko langileak, kotxeekin prostetan, herriko kaleetan zehar. (J.S.)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide