Bi bandera irabazita etxeratuko dira Zarauzko arraunlariak Castrotik

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 15a

Enbatako neskak, Zumaiako estropadan. (Ivan Rodriguez)

Zarautz Arraun Elkarteko arraunlariek bandera bana irabazi dute Castron (Kantabria, Espainia), ETE eta KAE 1 ligan bana. Bi Enbatak sailkapenean hurreratu zaie lider diren klubei.

Castro Hiriko banderak izan dira gaur arratsaldean jokoan Kantabriako herrian, eta biek ala biek, ETEkoak zein KAE1ekoak, Zarautzerako bidea hartu dute. Zarautz Arraun Elkarteko bi traineruak nagusitu dira Castroko ur mugituetan jokatutako estropadetan.

ETE ligako estropada izan da jokatzen lehena, eta Zarautz Deustu, Hondarribia eta Kaikurekin lehiatu da ohorezko txandan. Ziztu bizian atera da Enbata, eta lehen luzean aldea atera die bere aurkariei. Hala, ziabogan lehena izan da Zarautz, zortzi segundoko aldearekin Hondarribia eta Kaikurekiko. Deustu, ordurako, jokoz kanpo geratu da. Bueltako itzulian, baino, hobeto moldatu da mugaldeko kluba, Kaiku atzean geratu den bitartean. Zarautz joan da buruan, baina pixkanaka aldea jaten joan zaio Hondarribia, eta helmugan traineru bakarreko aldea izan da urdinen eta berdeen artean. Nahikoa, hala ere, bandera irabazteko. 

Sailkapen orokorrean bi puntura hurreratu da Zarautz. Hondarribiak jarraitzen du lider, 86 punturekin, eta 84 ditu Zarautzek. Kaiku da hirugarren 66rekin. Datorren astean jokatuko dute ligako azkenaurreko estropada, non eta etxean, Zarautzen, larunbatean, hilaren 22an.

Gizonek ere bandera

Emakumeen garaipenarekin harrera ziurtatuta bazegoen, gizonek lortutako banderarekin poza bikoitza da Zarautz Arraun Elkarteko kideentzat. KAE1eko jardunaldia izan da, Castron baita ere, eta Enbata ohorezko txandan aritu da Deustu, Zumaia eta Kaikurekin. Estropada eremua okertzen ari zen ordurako, eta olatuen artean boga egin behar izan dute traineruek.

Lehen luzean borroka polita eskaini dute Zumaiak eta Zarautzek. Nor baino nor aritu dira lehian, eta ziaboga batera eman dute epaileek Zarautzi bi segundoko aldea eman dizkioten arren. Hortik aurrera nagusitasuna erakutsi du Enbatak, eta aurkariekiko aldea handitzen joan da. Lau luzeren ostean, lehen postuan heldu dira Gari Urangak entrenatutako mutilak, Deustu eta Zumaiaren aurretik. 

Sailkapenean bigarren da Zarautz, lider den Deusturekiko hiru puntutara. Zumaia dago hirugarren postuan. Emakumeek bezala, gizonek ere etxean egingo dute arraun datorren asteburuan, KAE1eko estropadan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide