Garaipenaren bidea berreskuratzea, Zarauzko traineruen helburua gaur Castron

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 15a

Nesken 'Enbata', Orioko estropadan. (Onintza Lete Arrieta)

ETE eta KAE1 ligetako estropada bana jokatuko dute gaur arratsaldean Kantabriako herrian. Igoerako play-offetan parte hartzeko aukera ia ziurtatuta, banderak irabazteko lehian izango dira bi Enbatak.

Kantabriako (Espainia) Castro herriak hartuko ditu gaur arratsaldean ETE eta KAE1 ligetako estropadak. Ciudad de Castro Urdiales izeneko banderak izango dira jokoan bien kasuan. Emakumeek 16:30ean izango dute hitzordua, eta ordu erdi geroago gizonek. Lineako estropada izango da Castrokoa. ETE ligan lehiatzen diren emakumeek bi luze egingo dituzte, ziaboga bakarrarekin, eta gizonek lau luze, hiru ziabogarekin.

Liga amaitzeko hiru estropadaren faltan, Zarautz Arraun Elkarteko bi traineruak Euskotren eta Eusko Label ligetara igotzeko play-offetan egotea ia ziurtatuta dute. Biak ere bigarren dira beraien ligetako sailkapenetan: emakumeek iaz maila galdu zuen Hondarribia dute aurretik eta Deustu gizonek. Hala, bi ontzien gaurko helburua banderak astintzea izango da.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide