Eguerdian lehertu da jaietako suziria Lege Zaharren Enparantzako zeru gainean, eta Elene Fresco eta Nora Merino izan dira aurten jaiei hasiera eman dietenak, Espainiako selekzioarekin eskubaloiko Munduko Txapelketa irabazi baitute.
Suriziria jaurti aurretik, udaletxean elkartu dira Xabier Txurruka alkatea, udaleko ordezkari hainbat, Karlos Argiñano eta Zarauzko eskubaloi taldeko ordezkariak. Ekitaldian, Frescori eta Merinori txapela eta lore sorta bana eman dizkiete aitortza gisa. Nagore Altza ezin izan da ekitaldian egon, oporretan dagoelako, eta harekin ere oroitu dira, hark ere irabazi baitu Munduko Txapelketa. Alkateak eskerrak eman dizkie jokalariei "Zarauzko eskubaloia gorenera eramateagatik". Ondoren, udaletxeko balkoira irten dira Fresco eta Merino, eta hitz batzuk eskaini dizkiete plazan ziren herritarrei.
12:00ak iristearekin batera, suziria piztu dute, eta gisa horretan hasi da Aste Nagusia. Segidan, Joselontxos txarangaren doinuek hartu dituzte Zarauzko kaleak, eta udaletxeko balkoitik puxikak eta gozokiak jaurtitzen aritu dira hainbat lagun. Erraldoiak eta buruhandiak kaleetan barrena ibili dira, Lege Zaharren Enparantzatik abiatuta, Kale Nagusia igaro eta Musika Plazara iritsi arte. Han gelditu dira erraldoiak eta buruhandiak, eta herritarrek inguruan jarraitu dute musikaren erritmoan festen hasieraz gozatzen. Ilusioa, musika eta jai giroa nagusitu dira gaur goizean; Aste Nagusiari hasiera emateko modu paregabea.
Datozen orduetan festak jarraitu egingo du. 19:00etan, Joselu Anaiak taldea igoko da Musika Plazako kioskora, eta ordubete beranduago, 20:00etan, Schola Cantorumek abestutako Salbea-z gozatzeko aukera izango da Santa Maria La Real parrokian. Eguna amaitzeko, 21:30ean, Joselu Anaiak taldeak emanaldiaren bigarren zatia eskainiko du.
Datozen egunetako Aste Nagusiko egitaraua honako hau da:
Bihar, abuztuaren 15a
- 11:00. Meza nagusia Schola Cantorumek abestuta, Santa Maria La Real parrokian.
- 12:00. Lizarrako Dultzaineroak erdiguneko kaleetan zehar.
- 19:00. Buruhandi eta erraldoiak Ustekabe txarangarekin.
- 23:00etatik 01:00etara Puntu morea, malekoian (Galtxagorri).
- 23:00. Pirotecnia Vulcanoren su artifizialak, hondartzan.
- Ondoren, Lisker taldearen emanaldia, Musika Plazan.
Etzi, abuztuaren 16a
- 19:00. Buruhandi eta erraldoiak Gauerdi txarangarekin
- 23:00etatik 01:00etara Puntu morea, malekoian (Galtxagorri).
- 23:00. Pirotecnia Vulcanoren su artifizialak, hondartzan.
- Ondoren, mariatxiak Rumbo Tijuana taldearekin, Musika Plazan.
Etzidamu, abuztuaren 17a
- 22:00. Gaztea Gaua, malekoian (Dama).
Abuztuaren 18a, asteartea
- 23:00. Neomak taldearen kontzertua, malekoian (Dama).
Abuztuaren 19a, asteazkena
- 23:00. Janus Lesterren kontzertua, malekoian (Dama).
Abuztuaren 20a, osteguna
- 23:00. Seguridad social taldearen kontzertua, malekoian (Dama)
Abuztuaren 21a, ostirala
- 23:00. Puro Relajo taldearen kontzertua, malekoian (Dama).
Abuztuaren 22a, larunbata
- 23:00. Leire Martinezen kontzertua, malekoian (Dama).