Final laurdenetarako txartela lortu du Nadia Erostarbek Tahitin

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 13a

Nadia Erostarbe, Tahitin, bere proba bukatu eta gero. (Hannah Anderson)

Lakey Peterson estatubatuarrari gailendu zaio Tahitin jokatzen ari diren txapelketako bigarren txandan. Zarauztarrak Isabella Peterson izango du aurkari final laurdenetan.

Beste urrats bat eman du Nadia Erostarbek Tahitin jokatzen ari diren Championship Tour zirkuiturako puntuagarria den Outerknown Tahiti Pro surf txapelketan. Bezperan lehen txandan nagusitu zen, eta, oraingoan, bigarren txandako bere neurketa irabazi du; era horretan final laurdenetarako txartela eskuratu du. 

Lakey Peterson surflari estatubatuarra izan du zarauztarrak aurkari bigarren txandan. Lehen txandan ez bezala, bigarrengoan ezin izan du olatu onik hartu Erostarbek. Hala, berdintasun handia izan da bien artean, eta puntu gutxigatik lortu du txapelketan aurrera egitea euskaldunak: 4.90 puntu lortu ditu Erostarbek (2.60 + 2.30) eta 4.73 Petersonek (2.53 + 2.20).

Tahitiko txapelketako final laurdenetan Isabella Nichols australiarra izango du aurkari Erostarbek. Sawyer Lindblad estatubatuarrari irabazi dio Nicholsek final laurdenetan. Aurtengoarekin, Tahitiko proban aritzen den hirugarren aldia du, eta lehendabiziko aldiz heldu da final laurdenetara.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide