Aurrera egin du Nadia Erostarbek Tahitin, eguneko olaturik onena hartu eta gero

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 12a

Nadia Erostarbe Tahitin. (Matt Dunbar)

Outerknown Tahiti Pro txapelketako lehen txandan nagusitu eta gero, surflari zarauztarrak Lakey Peterson estatubatuarra izango du aurkari bigarrengoan. Txandako olaturik onena hartu du Erostarbek, gainera: 6.17 puntuko olatua, hain zuzen ere.

Tahitiko (Frantziar Polinesia) Teahupoʻo hondartzan lehiatzen ari diren Outerknown Tahiti Pro txapelketan debuta egin du Nadia Erostarbe surflari zarauztarrak. Championship Tour zirkuiturako puntuagarria den proba da Ozeaniako uretan egiten ari direna, eta ezin hobeto ekin dio Erostarbek lehiari. 

Itsasoaren egoerak eta haize ufada handiek zaildu egin dute surflarien lana. Francisca Veselko portugaldarra izan du aurkari Erostarbek lehian. Biek ere lehen urtea dute zirkuituan, eta portugaldarrak maniobrak egiteari ekin badio, Erostarbek hodien aldeko apostua egin du. Ondo atera zaio estrategia zarauztarrari, 8,67 punturekin irabazi eta txapelketaren hurrengo txandara pasatu delako. Berea izan da, gainera, txandako olaturik onena; 6.17 puntuko olatua hartu du Erostarbek.

Bigarren txandan Lakey Peterson estatubatuarra izango du aurkari zarauztarrak. Zuzenean bigarren txandan hasiko du lehia surflari estatubatuarrak. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide