SKAPAko jaiak 2026

Marmitako lehiaketa eta toka eta xakela txapelketa, SKAPAko jaietako azken egunean

Enara Ariznabarreta 2026ko abuztuaren 12a

Marmitako lehiaketak eta auzo bazkariak dozenaka herritar batu dituzte SKAPAko jaietako azken egunean. Giro bikainean ari dira ospatzen jaietako egunik potoloena. Gauean bertso saioa izango da, eta jaietako azken hitzordua gauerdiarekin iritsiko da: Fan&Go taldearen erromeria.

Goizeko 09:00etan eman diote hasiera aurtengo SKAPA jaietako azken egunari, bost egunez jaietan murgilduta egon ondoren. Komisioko kideetako batzuek azpimarratu dute gaurko eguna dela jaietako egunik garrantzitsuena, eta ez da gutxiagorako izan.

10:30ean, jendea Plaza Gorrira hurbiltzen hasi da marmitako lehiaketari hasiera emateko prest, eta hegaluze eta barazki artean hasi dira plaza berotzen. Guztira, 30 talde aurkeztu dira txapelketara, parte hartzen urte dezente daramaten hirukoteak batzuk, baita pasa den urteko irabazleak ere. Marmitako onena lortzearen sekretua maitasuna eta ikutu berezia ematea direla aitortu dute haietako batzuek.

Eguraldia lagun, 11:30ak aldera, marmitakoa prestatzen ari ziren bitartean, toka eta xakela txapelketari ekin diote. Haurrak eta helduak aritu dira nor baino nor lehian, eta giro bikaina sortu da. 12:30ean, Agurtzane Altberen patata tortilla eta postre lehiaketaren txanda izan da, eta pixkanaka, hainbat herritar gerturatu dira beraien patata tortillak eta postreak aurkeztera.

Behin prestaketa lanak amaituta, 14:00 inguruan, epaimahaikidek jaso dituzte marmitakoak, eta aurkeztutakoen itxura eta zaporea aztertzen aritu dira haiek. 500 herritar inguru elkartu dira auzo bazkarian, eta prestatutako marmitakoak dastatu dituzte giro paregabean.

Aurtengo jaiei amaiera emateko, bertso saioa izango da gaur gauean. 22:00etan hasita, Amets Arzallus, Alaia Martin, Igor Elortza, Hodei Iruretagoiena eta Maialen Lujanbio ariko dira kantuan. Jaietako azken hitzordua gauerdiarekin iritsiko da: Fan&Go taldea arduratuko da 2026ko SKAPA jaiak ixteaz.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide