SKAPAko jaiak 2026

Komisioen arteko desafioa, parrilla jana eta herri kirolak SKAPAko jaien barruan

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 12a

Jai giroak jarraitu zuen atzo SKAPAko jaien barruan. Antolakuntza komisio desberdinen arteko jolasen ostean, parrilla jana izan zuten, Izeta harri-jasotzaile eskolako kideen herri-kirol erakustaldia jarraitzen zuten bitartean. 

Zein ote da SKAPAko jaietako festa antolatzaile onena? Aurreko komisioa, oraingoa, edo urteren batean lekukoa hartuko duen etorkizunekoa? Hori erabakitzeko desafioa izan zuten plaza gorrian. Jolas desberdinak egin behar izan zituzten hiru taldeetako kideek, eta jolas horietan guztietan puntu gehien lortuko zuen taldeak jasoko zuen saria, edo, hobe esanda, oparia. Hala, egungo komisioa izan zen jolasetako irabazlea, komisioa ohiaren eta etorkizuneko komisioaren aurretik. 

Jolasean ari ziren bitartean, metro gutxira parrillak martxan ziren. Oilasko hegoak eta txerri saiheskiak erretzen aritu ziren, baita jolasak amaitu eta gero zerbitzatzen hasi ere. Ikatzaren gainean prestatutako jakiak dastatzeko gogotsu ziren auzotar zein bisitariak, eta ilara luzea sortu zen.

19:00ak pasata zirela hasi zen herri kirolen erakustaldia plaza gorrian. Izeta harri-jasotzaile eskolako kideak aritu ziren aizkoran, trontzan edota harri jasotzen, hala nola, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Iker Aduriz, Maddi Gesalaga, Andoni Iruretagoian Izeta VI.a eta Jakes Iruretagoiena Izeta V.a. Zur eta lur utzi zituzten ikusleak harriarekin eta aizkorarekin erakutsitako trebeziarekin.

Azken Portu, Santa Klara eta Aritzbataldeko jaiek gaur jarraituko dute, honako egitarauarekin:

  • 10:30. Patxi Iruretagoienaren marmitako lehiaketaren hasiera Plaza Gorrian.
  • 11:30. Toka eta xakela txapelketa.
  • 12:30. Agurtzane Altberen patata tortilla eta postre lehiaketa.
  • 13:00. Auzo bazkarirako tokia hartzea eta auzo poteoa bazkaldu aurretik.
  • 13:45etatik 14:00etara. Marmitakoak oholtza gainera eraman.
  • 15:00. Auzo bazkaria.
  • 22:00. Bertso saioa Plaza Gorrian (Amets Arzallus, Alaia Martin, Igor Elortza, Hodei Iruretagoiena eta Maialen Lujanbio).
  • 00:00. Fan & Go erromeria taldea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide