Ligaren azken txanpan sartuta, igoera esku-eskura dute ZAEko bi traineruek

Onintza Lete Arrieta 2026ko abuztuaren 8a

Aurtengo bi traineruak Musika Plazan aurkeztu zituzteneko irudia. (Juan Luis Romatet)

Gaurkoan ez dute banderarik astintzerik izan ez gizonezkoek, ez emakumezkoek, baina lan ona egin dute, ETE ligan bigarren helmugaratu baita Enbata, eta KAE 1 ligan, hirugarren. Azken horiek bihar ere izango dute estropada, Errenterian (Gipuzkoa). 

ETE ligan Txingudiko XVIII. Bandera jokatu dute gaur eguerdian Hondarribian (Gipuzkoa), eta Zarautzi etxeko taldeak hartu dio aurrea gaurkoan. Bien artean dago lehia ligan, eta uretan ere hala ikusi da gaur. Ziabogan segundo bakarreko aldea zegoen bien artean, baina bueltako luzean tartea zabaldu egin dio Hondarribiak, eta 11.02.49 denborarekin, bandera herrian mantendu dute. Zarautzek 11.12.79 denbora egin du, eta Ondarroa izan da hirugarren, 11.21.75 denborarekin. 

ETE liga amaitzeko hiru estropadaren faltan –Castro Urdialesen, Zarautzen eta Bilbon jokatuko dituzte hurrenez hurren–, puntu gutxiren aldearekin daude sailkapeneko lehen postuetan Hondarribia aurrena (79 puntu) eta Zarautz bigarren (76 puntu). Hirugarren den Kaikuk 61 puntu dituela kontuan hartuta, Zarautzek esku-eskura du igoera, eta azken norgehiagoketan dena ematera aterako dira Enbatako neskak. 

Gizonezkoak ere Hondarribian lehiatu dira gaur, eta beste horrenbeste gertatu zaio Zarautzi. Bandera eskuratu ezin, baina sailkapenean Deustorekin borroka bizian jarraitzen du, bizkaitarrek 136 puntu dituztelako eta, Enbatak, 134. Hamar puntura dago Zumaia, hirugarren. 

Zarautzek ohorezko txandan egin du arraun Zumaia, Deustu eta Kaikurekin, eta hirugarren tokiarekin konformatu behar izan du gaurkoan, 20.51.26 denbora eginda. Zarauztarren aurkari zuzena, Deustu, izan da azkarrena, estropada 20.38.45 denboran amaituta, eta Zumaia ere dotore ibili da, lanak 20.42.88 denboran eginda. 

ETE liga amaitzeko hiru jardunaldi falta badira, gizonezkoena amaitzeko lau gelditzen dira –Errentariakoa bihar eta hurrengo asteetan Castro Urdialeskoa, Zarauzkoa eta Bilbokoa–. Zarautzek ere esku-eskura du igoera, eta saiatuko da aukera aprobetxatu eta txartela bereganatzen. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide