Zarauzko Euskaltzaleen Gazte Asanblada sortu dute

Julene Frantzesena 2026ko abuztuaren 4a

ZEGAko kideak, Musika Plazan. (ZEGA)

"Euskararen aldeko borrokan lekukoa hartzeko" xedez sortu du asanblada hainbat lagunek. Asanbladaren sortzaileek adierazi dutenez, duela 50 urte Francoren erregimenak euskarari ezarritako debekuek bizirik jarraitzen dute, eta Zarautzen euskarak bizi duen egoerarekiko kezka agertu dute.

"Euskararen aldeko borrokan lekukoa hartzeko", Zarauzko Euskaltzaleen Gazte Asanblada (ZEGA) sortu du herritar hainbatek. Sare sozialetan eman dute sorreraren berri, horretarako bideo bat baliatuta, eta herritarrei asanbladara batzeko deia egin diete.

Asanbladaren sortzaileek adierazi dutenez, duela 50 urte Francoren erregimenak euskarari ezarritako debekuek bizirik jarraitzen dute, lege errepresiboen eta zapalkuntzetan gorpuztuta: "Hori garbi geratu da selektibitatearen inguruko erabaki judizialekin, baxoa euskaraz egiteko debekuekin eta Munduko Txapelketaren asimilazio nazionalarekin".

Horren aurrean gazteek badutela zer egin uste dute, eta Zarauzko egoeran egin dute azpimarra. Izan ere, Zarautz arnasgunea baldin bada ere, mehatxua agerikoa dela gogorarazi dute. "Salbu al gaude? Zarauztarren %73k badakite euskaraz, baina kale erabilera %50ekoa da. Gaztelania hutsean hitz egiten duten kuadrillak normaltzat hartu ditugu, eta zerbitzuen sektorean ingelesari euskarari baino garrantzi handiagoa ematen zaio". Gainera, joan zen astean Zarautzen izandako Los 40 Summer Live jaialdiaren gisakoek jai herrikoientzat "oztopo" izaten segitzen dutela salatu dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide