Euskara eta euskal ohiturak plazara, kantu eta dantza bidez

Intza Trula 2026ko abuztuaren 2a

Malekoia 365 egitasmoa egin zuten atzo, euskararen eta euskal kulturaren balioa zabaltzeko asmoz. Zirika euskara elkarteak, Arrai Zopa kantu taldeak, Montetxio abesbatzak, Arranoko gitarra jotzaileek, Zarautztrikek, Herriko Plaza dantzariek, Goizeko Ihintza txistulariek eta Azken Portuko muralgileek parte hartu zuten hitzorduan. Herritar ugari batu zen festara.

Laugarren urtez, Malekoia 365 ekimena egin zuten atzo arratsaldean Zarautzen, Musika Plazan eta malekoian. Uda sasoi bete-betean, euskararen eta euskal kulturaren balioa mahai gainean jarri nahi izan zuten antolatzaileek, kantuaren eta dantzaren laguntzarekin.

Zirika euskara elkarteak, Arrai Zopa kantu taldeak, Montetxio abesbatzak, Arranoko gitarra jotzaileek, Zarautztrikek, Herriko Plaza dantzariek, Goizeko Ihintza txistulariek eta Azken Portuko muralgileek parte hartu zuten hitzorduan. Horiei, gainera, herritar ugari batu zitzaizkien.

Talde parte hartzaile guztien emanaldi bateratua Galtxagorri parean izan zen, eta, pare bat kanta abestu eta dantzatzeaz gainera, hitz batzuk esan zituen Zirikako kide Beñat Intxauspek. "Argi izan behar dugu non gauden: herri euskaldun batean gaude, euskararen herrietako batean", zioen berak. Ildo horretatik, duela egun batzuk malekoian ospatu zen Los 40 Summer Live jaialdiarekiko desadostasuna adierazi zuen: "Zarautzen, bertakoa sustatu ordez, hainbatetan hizkuntza inposatzailea darabilten ekitaldiak antolatzen segitzen dute. Beharrezkoa al da, urteak joan eta urteak etorri, Los 40 Summer Live jaialdiari bidea ematea?".

Era berean, Malekoia 365 ekimenaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen: "Ez al gara konturatzen gu gaur hemen ez bageunde, egun pasa etorri diren milaka lagunek Espainian egon direlako ideiarekin itzuliko direla beraien herrietara?". Horren aurrean, "gure hizkuntzarekin eta kulturarekin gozatzen eta gozarazten" jarraituko dutela argi utzi zuen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide