Bi bandera astindu ditu Zarautzek

Maddi Txintxurreta 2026ko abuztuaren 1a

'Enbata'-ko neskak Zumaiako estropadan. (Ivan Rodriguez)

Ondarroako bandera astindu dute Zarauzko ETE ligako arraunlariek, eta Pedreñakoa KAE1eko gizonek. 

Zarauzko arraunlariek Ondarroako bandera astintzen amaitu dute eguerdian Bizkaiako herri horretan jokatutako estropada. 11.21.37 denboran amaitu dute arraunketa, ETE ligako sailkapen orokorrean lider den Hondarribiako trainerua baino ehuneko batzuk aurretik. Hondarribiak abantailarekin osatu ditu lehenengo luzeko lanak, baina aise hurbildu zaio parera Enbata-ko ontzia, eta azken unean ebatzi dio garaipena Ama Guadalupekoa ontziari.

Ondarroakoarekin, lau bandera irabazi ditu Zarautzek ETE ligan, eta bigarren postuan jarraitzen du sailkapen orokorrean, Hondarribiarengandik bi puntu eskasera.

Arratsaldean, Pedreñan (Kantabra, Espainia) lehiatu dira KAE1 ligan jokatzen duten eskualdeko traineruak; Orio, Zarautz eta Zumaia, hain zuzen ere. Estropada txukunak egin dituzte hiru taldeek, baina Enbata-rena izan da balentria, banderari heldu baitio 20.52,91 denborari esker. Atzetik sailkatu da Zumaia, lanak 21.06,53 denboran amaituta, eta atzerago gelditu da Orio: 21.47,18 denborarekin, hamargarren postuan amaitu du Pedreñako estropada.

KAE1 ligakoak Santanderren (Kantabria, Espainia) lehiatuko dira bihar, eta ETE ligakoak, berriz, Hondarribian (Gipuzkoa). 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide