Jon Peñagarikano (Zarautz, 1987) Elektropeña izenez ezaguna da, eta urte dezente daramatza musikaren munduan, DJ eta ekoizle gisa. Hamabi urtez aritu zen Arraio Irratiko Kaiolatik saioa gidatzen, eta izen bereko jaialdiaren hamargarren edizioa ospatuko dute uztailaren 18an, Desertu Txikian. Hardcore eta punk taldeetan aritu ondoren, musika elektronikoan murgiltzen hasi zen buru-belarri, eta hori du pasio.
Zein euskal talderi egingo zenioke remix bat?
Nire bikotekideak Optika izeneko talde batean abestu zuen. Autoan, batzuetan, haien CDa entzuten joaten gara, eta beti esaten dut haien abestiren baten remix-a egingo diodala. Momentuz, ez dut denborarik izan, baina buruan daukat. Bestalde, Dut taldea oso gustuko izan dut beti, eta musika elektronikoarekin ondo uztartuko lukeela uste dut.
Zure izen artistikoa aldatu beharko bazenu, zein aukeratuko zenuke?
Ez dut inoiz pentsatu. Elektropeña izena jarri zidaten gaztetxearen bueltan ibiltzen zirenek, eta egia esan ez dakit... Agian, izen bat jartzekotan, Ama izena aukeratuko nuke.
Zein jaialditan musika jartzea izango litzateke zure ametsa?
Jaialdi ezagunetara joan izan naiz, baina egia da pintxatzeko nahiago ditudala gune familiarragoak. Gustura egingo nuke saio bat festa autogestionatu batean, hondartza batean edo.
Zein lekutan ez zenuke sekula musikarik jarriko?
Jaialdi handietan. Neure burua ez dut ikusten Tomorrowland, BBK Live eta horrelakoetan. Bizitzak buelta asko ematen ditu, eta ez jakin, agian noizbait aukera sortuko zait eta baietz esango dut, baina, printzipioz, nahigo dut eremu familiarragoetan aritzea, esaterako, Kaiolatik Festen. Hondartzako lagunarteko pintxadetan erosoago sentitzen naiz.
Norekin gustatuko litzaizuke elkarlanean zerbait sortzea?
Agian, musika tresna arabiarren bat jotzen duen norbaitekin. Musika arabiarrari elektronikoa sartzea gustatuko litzaidake, ondo uztartzen diren bi musika estilo iruditzen zaizkit eta.
Festa amaiera batean inoiz falta ezin den abestia?
Asko daude, asko ditut ganbaran, baina horietako bat Denis Sultaren I'ts Only Real da.