Zarautzek eskura izan du Sestaoko bandera

Aritz Mutiozabal 2026ko uztailaren 25a

Enbatako gizonezkoak, Sestaoko estropadan.

Deustok irabazi du KAE 1 ligako gaurko jardunaldia, baina ia estropada osoan parez pare izan du Enbata ontzia. Azkenean, bigarren izan da. ETE ligan, ZAEko emakumeak zazpigarren izan dira, haizeak baldintzatutako jardunaldian.

Haizeak ederki baldintzatuta jokatu dituzte gaur eguerdian KAE 1 eta ETE ligetako zortzigarren jardunaldiak Sestaon. Baldintza klimatologikoek traineru askori mesederik egin ez dien arren, beste batzuen onurarako izan da. Zarauzko traineruek ez dute garaipenik lortu, baina bi egoera guztiz ezberdin bizi izan dituzte. Gizonezkoak bandera lortzetik oso gertu ibili diren bitartean, emakumezkoak izan dira kalteturik handienetakoak, zazpigarren eginez.

Gizonezkoetan, Deusto eta Zarautz parez pare joan dira estropada osoan, eta atzetik, segundo gutxiko tartean, Zumaiak jarraitzen zien. Lehen bi ziabogak denbora berean erregistratu dituzte, baina hirugarren luzerako aldea zabaldu dute bizkaitarrek, eta poparean abantailari eutsiz, 20:50;74ko denborarekin nagusitu dira. Zarautz bost segundora helmugaratu da, bigarren postuan, eta Zumaia hirugarren, hamabi segundora. Sailkapen orokorrean, gainera, hurrenkera berean jarraitzen dute aipatu hiru traineruek.

Isuntzak irabazi du emakumezkoen bandera, bigarren txandan 11:32;31 denbora eginez. Baina lehen txandan Hernanik eginiko denboratik oso gertu geratu da; aipatu ontziak bigarren amaitu du. Haizea ikaragarri aldatu da txanda batetik bestera, eta hirugarren txandarako, sailkapan nagusiko lehen taldeentzat arraun egiteko baldintzak asko zaildu dira; batik bat, asko sufritu dute joaneko luzean.

Zarautzek hirugarren egin du ohorezko txandan (12:02;52), Kaikuren (11:55;19) eta Hondarribiaren (11:57;41) atzetik. Gaurkoan faboritoak beheko postuetan sailkatu dira, baina sailkapen orokorrean ez gorabehera handirik eman, eta Hondarribiak lehen postuan jarraitzen du, 57 punturekin, eta bigarren Zarautzek, 53 punturekin; Kaiku hirugarrena da, 47 punturekin.

Bihar eguerdian, Zumaian izango dute asteburuko bigarren jardunaldia. KAE 1 ligakoek Zumaiako XLI. Ikurrina izango dute jokoan eta ETE ligakoek Zumaiako Emakumezkoen IX. Ikurrina.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide