Zarauzko eta Bergarako IATko langileek greba mugagabearekin jarraituko dute

Enara Ariznabarreta 2026ko uztailaren 23a

Zarauzko eta Bergarako Itasua IAT zentroetako lagileak gaur, Donostian. (ELA sindikatua)

Gaur goizean Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan (CRL) egin duten bilerak ez du emaitzarik eman, eta greba mugagabeari eutsiko diote, mobilizazioak areagotuz. Uztailaren 29an, beharginek elkarretaratzea egingo dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean.

Zarauzko eta Bergarako Itasua IAT zentroetako 55 langileek greba mugagabearekin jarraituko dute. Gaur goizean Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan (CRL) egin duten bilerak ez du emaitzarik eman, eta ELA sindikatuak salatu du "enpresak blokeoa bere horretan mantentzen duela eta ez duela negoziazioan aurrerapausorik eman". Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzari gatazkan inplikatzeko eskatu dio sindikatuak.

Pasa den ekainaren 26an iragarri zuen ELAk hiru greba egun deitu zituela Zarauzko eta Bergarako IAT zentroetan. Azken asteetan hiru lanuzte egin ostean, eta enpresak langileen proposamenei “ezezkoa” erantzun ziela salatuta, hilaren 13ean hasi zuten greba mugagabea. 

Hala ere, bilerak ez du fruiturik eman. ELAren arabera, "enpresako ordezkariak bertaratu diren arren, ez da aurrerapausorik izan", enpresak ez duelako hobekuntzarik proposatu eta negoziazioaren blokeoa bere horretan mantentzen duelako. Gainera, sindikatuak nabarmendu du "enpresak greba amaitzea jarri duela negoziazioa desblokeatzeko baldintza gisa". "Enpresa greba eskubidea urratzen ari da, greban dauden langileen lanpostuak kontratazio berriekin ordezkatuz", salatu du ELAk. Jokabide hori Lan Ikuskaritzan salatu dutela jakinarazi dute langileen ordezkariek.

"Ezin dute beste alde batera begiratu"

Bilera hasi aurretik, langileen ordezkariek agerraldia egin dute komunikabideen aurrean. Bertan adierazi dutenez, “Bergarako eta Zarauzko IATetako langileok greban jarraitzen dugu, gure lanaren errealitateari eta ardurari egokituko zaion hitzarmen propio eta lan-baldintza duinak lortzeko”. Era berean, nabarmendu dute IAT zerbitzua “zerbitzu publiko funtsezkoa” dela, eta, ondorioz, “euskal erakundeek ezin dutela gertatzen ari denaren aurrean albo batera begiratu”. Izan ere, “kudeaketa pribatua izan arren, zerbitzu publiko bati buruz ari gara, eta, beraz, badago erantzukizun instituzional bat”.

Langileen esanetan, “jarduera honek sortzen duen aberastasunak zerbitzua egunero posible egiten dugun langileen lan-baldintzak hobetzen ere lagundu behar du”. Langileak "kalitatearen, segurtasunaren eta eraginkortasunaren funtsezko zatia" direla gehitu dute. Hain zuzen ere, hitzarmenaren inguruan oraindik akordiorik lortu gabe jarraitzen duten bitartean, "herriarentzat derrigorrezkoa den jarduerak sortzen dituen etekinak ez direla langileentzat hobekuntza nahikoetan islatzen" salatu dute.

Hain zuzen ere, "Gipuzkoako beste IAT zentroek baino 133 ordu gehiago" ari direla lanean gogorarazi dute, "2.000 eta 8.000 euro arteko soldata baxuagoak" dituzten bitartean. Gainera, "gure borroka ez da soilik lan-baldintzen aldekoa; pertsonak eta interes orokorra lehenetsiko dituen zerbitzu-eredu baten aldekoa ere bada", nabarmendu dute langileek.

Jaurlaritzaren inplikazioa

Era berean, ELAk Eusko Jaurlaritzari "dagokion erantzukizuna bere gain har dezala" eskatu dio. Haien hitzetan, Jaurlaritzari dagokio ITV zerbitzuaren funtzionamendu egokia bermatzea eta kudeaketa eredua interes orokorraren mesedetan dagoela zaintzea, “eta ez soilik familia jabearen interes ekonomikoei erantzutea”.

Sindikatuaren esanetan, “ez da nahikoa jardueraren kontrol formala egitea”, eta azpimarratu dute “zaila dela ulertzea erabiltzaile guztiek derrigorrezko zerbitzu beragatik tarifa bera ordaindu behar izatea eta, aldi berean, zerbitzu hori eskaintzen dugun langileok lan-baldintza justuak defendatzeko grebara jo behar izatea”.

ELAk jakinarazi du greba mugagabeari eutsiko diotela, eta mobilizazioak areagotuko dituela hitzarmen propioa adostu arte. “Mobilizazioaren eta elkarrizketaren bidez gure aldarrikapenak defendatzen jarraituko dugu, langileentzat zein gizarte osoarentzat bidezkoa izango den irtenbide bat lortzeko borondatearekin”, adierazi dute langileek. Horregatik, uztailaren 29an, elkarretaratzea egingo dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean, 12:00etan hasita.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide