Zarauzko malekoia da protagonistetako bat Greenpeacek kaleratutako azken ikerketan, baina ez arrazoi on batengatik. Erakunde ekologistak kaleratu berri duen Destruccion a Toda Costa 2026 ikerketak gogor kritikatu ditu malekoia berritzeko obrak: txostenak ohartarazi du paseoa berritzeko erabiltzen ari diren zementuak ez duela denborale gogorrei aurre egiteko balio. Kontrara, obrek olatuen inpaktua biderkatu dezaketela dio, eta, beraz, 2050. urterako malekoiaren %30 desagertu daitekeela.
Era horretan, erakundeak zalantzan jarri ditu hondartzako malekoia birmoldatzeko inbertitutako 1,5 milioi euro publikoak, eta ohartarazi du eraikitzen ari diren egitura zurrunek "hondarraren dinamika naturala" alda dezaketela, "olatuek hirigunean duten inpaktua handituz".
Zehazki, txostenaren arabera, olatuek horma zurrun baten kontra talka egiten dutenean, horiek duten indarra ez da apaltzen, baizik eta errebotatu egiten dute. Horren ondorioz, olatuek harea gehiago eramaten dute, eta malekoiaren zimenduak ahultzen dituzte apurka-apurka.