Kulturarekiko eta historiarekiko jakin-min berezia duten hiru herritarrek –Jose Antonio Gesalaga Xaldubi-k, Sebas Martijak eta Joxe Manuel Etxeberriak– Kultura Lantzen elkartea sortu dute, proiektu anbiziotsu bati bide emateko gogoz. Haien iritziz, herriaren bilakaera historikoa jasoko lukeen interpretazio zentro bat merezi du Zarautzek, eta guztia aztertu ondoren, proposamen zehatza ekainean aurkeztu zuten Zarauzko Udalean. Oraindik ez dute erantzunik jaso, baina herrian olatu bat sortu asmo dute, guztien artean bultzada emanez, Zarauzko Udalak proiektu hori aurrera atera dezan. "Interpretazio zentroaren helburu nagusia da zarauztarrok harro egotea zarauztar izateagatik", nabarmendu du Gesalagak.
Zarautzek "milaka istorio liluragarriz" beteriko historia daukala azaldu du Kultura Lantzeneko kideak, baina herritarrak askotan ez dira horren jakitun izan. Interpretazio zentroaren bitartez, modu didaktikoan azaldu nahi dute herriaren jatorria zein izan zen eta mendez mende nola joan den garatzen, baita biztanleek zer-nolako zailtasunak gainditu dituzten ere, gaur egun ezagutzen den Zarautz izateraino.
Ildo horretan, eta testuinguruan jartzeko, Gesalagak azpimarra berezia egin du herriaren hastapenaren inguruan: "Kokaleku geografiko aldrebesena zeukan Zarautzek; moila naturalik ez, ezta barnealdeko herriekin lotzeko erriorik ere. Sarrera-irteerei dagokienez, Zumaia aldera Santa Barbaratik bakarrik ahal zen joan, baina astoz, zaldiz edo mandoz; eta beste aldera, Iñurritza erreka pasatzeko, gabarra bat behar zen. Hala ere, toki aldrebes horretatik etorri gara gu".
Hainbat kontzeptu garatu nahiko lituzkete Zarauzko interpretazio zentroan: herriaren jatorria; azken 500 urteetako historian izandako gertakaririk garrantzitsuenak; XV. mendetik gaur egunera arte zarauztarren bizimoduak izan duen garapena; ontzigintza, eta hiru mendez jorratutako balea harrapaketa; fabriken jarduera; turismoa; eta Zarautzen izan diren familia entzutetsuak, besteak beste.
Kapilauaren bizitokian
Interpretazio zentroa izan daitekeen espazioa ere pentsatu dute Kultura Lantzeneko kideek. Haien arabera, leku egokiena Santa Klara elizari lotuta dagoen eraikina da; 1658an eraiki zuten, eta komentuko kapilauaren bizitokia izan zen. Bi solairu ditu, eta, guztira, 200 metro koadro. "Leku txikia izanagatik, nahikoa da guretzat", azaldu du Gesalagak.
Elkarteak 2,5 milioi euroko aurrekontua kalkulatu du proiekturako; alegia, aipatu eraikina zaharberritzeko 2 milioi euro, eta beste 500.000 euro eduki zein instalazio didaktikoetarako. Era berean, zenbateko horri aurre egiteko aldundiari eta Jaurlaritzari laguntzak eskatzea proposatu dute. Adibide gisa, gainera, azken urteetan zaharberritu duten Getariako Zarautz Jauregia jarri dute.
"Argi utzi nahi dut ez dela museo bat izango, baizik eta gure historia interpretatzeko espazio bat. Azken finean, zerbait ezberdina da guk egin nahi duguna: zerbait bizia eta interaktiboa", aurreratu du Gesalagak. Transmisioa da elkartearen kezka eta ardura behinena, herriko haurrengandik zein gazteengandik hasita. Belaunaldi berrietara gerturatu nahi dute, eta haientzako pizgarri diren elementuak eta komunikatzeko bitartekoak eskaini nahi dituzte horretarako, "hori delako kontu hauek guztiak zabaltzeko eta ulertarazteko modurik eraginkorrena". Hori horrela, teknologia berriekin zein egungo baliabideekin atondu nahiko lukete espazioa, dela errealitate birtualarekin, dela bideo-jokoekin, dela ikus-entzunezko laburrekin.
Liburu tematikoak argitaratzea ere ekimen interesgarria dela iritzi dio Gesalagak. Izatez, herriko makina bat pasadizo jasotzen dituen Zarauzko bitxikeriak izeneko bilduma ondu du berak, eta datorren irailean argitaratuko du hori. Hala ere, jakin badaki argitalpenak, denbora tarte baten ostean, ahaztu egiten direla, eta interpretazio zentroarekin espazio egonkor bat sortu nahi dute. "Zarauztar guztiei erreminta bat eman behar diegu geure historiari buruz ikasteko, baina ez maila akademikoan, baizik herri mailan eta modu jostari batean, dibertituz", azpimarratu du elkarteko kideak.
Era berean, Kultura Lantzenek herritarrak gonbidatu nahi ditu proposatu duten proiektuarekin bat egitera eta haiekin parte hartzera. Interesa duen orok kulturalantzen@gmail.com helbidera idatzi dezake.