Udal gobernuak ostatu turistikoen erabilera arautzeko diagnostikoa egin du Hiri Antolamenduaren Plan Orokorrean (HAPO), eta Zarauzko EH Bildu diagnostikoarekin bat datorren arren, desados agertu da gobernu taldeak hortik atera duen ondorioarekin eta araudia aldatzeko esku artean duen proposamenarekin. Koalizioak jakitera eman duenez, auzo batzuetan bakarrik debekatuko dute ostatu turistiko berriak irekitzea, baina neurri hori ez da nahikoa haien ustez, eta beharrezkotzat jotzen dute debekua herri osora zabaltzea.
Udal gobernuak egindako azterketak eta memoriak proposatzen du auzo bateko biztanle kopuruaren %10 plaza turistiko baino gehiago daudenean auzo hori saturatu gisa izendatzea. Era berean, memoria horrek jasotzen dituen hainbat datu esanguratsu harri ditu mahai gainean EH Bilduk: Zarautzek 4.033 turista hartzeko ostatu plaza dituela –zarauztarren %17a baino gehiago; 2017tik 2026ra, 193 ostatu berri erregistratu direla; gaur egun, 225 jarduera edo ostatu daudela inskribatuta; eta Zarautz etxebizitza-gabezia egoeran dagoela, ez auzo jakin batzuetan bakarrik, udalerri osoan baizik.
Diagnostikoaren "larritasuna" kontuan izanda, EH Bilduk gobernuaren proposamena kritikatu du, eta ez zaio batere egokia iruditu herria zatikatzea, “eremu saturatu” eta “eremu ez saturatu” artean. "Alde Zaharra, Itsasertza, Iñurritza-San Pelaio eta Salbide soilik izendatuko lituzkete saturatutzat, eta gainerako auzoetan ostatu turistiko berriak irekitzen jarraitu ahal izango litzateke, auzo horretako biztanlegoaren %10eko plaza turistikoen indizea gainditu arte", jakitera eman du koalizio abertzaleak.
EH Bilduren ustez, banaketa horrek ez du arazoa konponduko, "auzo bateko egoerak ezinbestean herri osoari eragiten" diolako. “Donostian eta Bilbon hartutako neurriak eta moduak hartu dituzte eredutzat, eta ezin da hiri bateko eta herri bateko errealitatea konparatu”. Koalizioak dio etxebizitzen prezioaren igoeran berdin-berdin eragingo duela ostatu turistikoak auzo batzuetan bakarrik irekita ere. Horrez gain, egunerokoan turistikoki saturatuta dauden auzoek segituko lukete zama turistiko handiena jasotzen.
Aldaketa-proposamena jendaurrean jarri ondoren, EH Bilduk bilera bat izan zuen udal gobernuarekin, eta bere proposamena aurkeztu zion; hau da, herri osoa izendatzea saturatu gisa, batez besteko maila gobernuak berak planteatzen duen biztanlegoaren %10 plaza turistikotik gora dagoenean, eta egoera hori aldatzen denean bakarrik hastea auzokako bereizketa egiten.
Beste bi eskaera
Eskaera horrekin batera, turismoarekin lotutako beste bi eskaera ere helarazi dizkio EH Bilduk udal gobernuari. Bata, Zarautzek jaso dezakeen turismo kopurua neurtzeko azterketa sakonago bat egitea, non ostatu turistikoak ez diren beste adierazle batzuk ere kontuan hartuko diren. Eta bigarrena, etxebizitza turistikoen lizentziek iraungitze data bat izateko moduak aztertzea, eta bitartean Eusko Jaurlaritzari epe jakin batean lizentziak berritu behar izateko araudia aldatzeko eskatzea.
Halaber, euskararen erabilera babesteko eta indartzeko neurri aktiboak hartzea eta etengabeko jarraipena egitea eskatu du koalizioak, UEMAk egindako azterketa gogora ekarriz. Azterketa horretan agerikoa da turismoak euskararen erabileran eta hizkuntza-paisaian duen eragin zuzena, batez ere Zarautz bezala, bisitari-kontzentrazio handiena duten eremuetan.
EH Bilduren ustez, plan orokorraren aldaketak iazko Zarauzko Turismo Plan Estrategikoaren gaineko eztabaidarekin lotura handia du, eta oraingoan ere gauza bera eskatzen dute: "Turismoak herrian duen eragina alde ezberdinetatik aztertzea, onurez gain sortzen dituen kalteak ere onartzea, herriko turismoaren karga-ahalmena zorrotz aztertzea eta etengabeko turismo hazkundeari mugak ezartzeko neurriak hartzea".