Atzo Zarautz-Mollarri-Zarautz proba jokatu ostean, Getaria-Zarautz itsas zeharkaldiaren 54. edizioaren txanda izan da gaur. Erakustaldi paregabea eskaini dute 3.500 igerilari inguruk. 2.800 metroko distantzia egin behar izan dute itsasoz, eta iazko zeharkaldian bezalaxe, helmuga zeharkatzen lehenengoak atzoko probako berberak izan dira: Santiago Aviles eta Claudia Giralt.
Zeru urdinarekin eta bero handiarekin abiatu dira igerilariak Getariako portutik, 11:00etan. Ohi bezala, norbere denboraren araberako multzoetan banatuta egin dituzte irteerak, txandaka.
Aviles koruñarra izan da Zarauzko hondartzako itsasertzera iristen lehena, 34 minutu eta 58 segundoko denborarekin. Martin Gomez madrildarrak oso gertutik jarraitu dio, eta 6 segundo beranduago zeharkatu du helmuga, bigarren postua eskuratuz. Podiuma osatu duen igerilaria Unai Arruabarrena hondarribiarra izan da, 35:05eko denborarekin.
Emakumeetan Claudia Giralt bartzelonarra izan da azkarrena, 36 minutu eta 54 segundoko denborarekin. Helmugaratu den bigarren emakumea Paula Calvo izan da. Elgoibartarrak 38:57ko denbora eskuratu du. 2 minutu eta 8 sengundo beranduago iritsi da Maite Garcia bilbotarra, hirugarren postua eskuratuz.
Zarauztarrei dagokienez, atzoko garaipena errepikatu du Zarautz Balea Igeriketa Taldeko Unai Agirrek (36:15), eta emakumeetan azkarrena Naia Imaz izan da (43:47). Getariarretan azkarrenak Asier Medina (41:58) eta Maialen Chueca (45:38) izan dira. Kategoria horiez aparte, kirol egokituko kategoria egon da igeriketa proba honetan.
Gaztetxoen zeharkaldia
Aurreko urteetan bezala, bi proba jokatu dituzte gazteek, 400 metrokoa bata, eta 800 metrokoa bestea, eta guztira, 120 gaztetxok hartu dute parte.
Proba motzari dagokionez, mutiletan Oihan Juaristi zarauztarra izan da azkarrena, iaz bezalaxe. Bigarren eta hirugarren postuak Paul de Sosarentzat eta Iker Sasiarentzat izan dira. Nesketan, berriz, Irati Egaña oñatiarra izan da garailea, eta bigarren postuan geratu da Gaia Daquanno. Azkenik, helmugaratzen hirugarrena Nerea Mateos getariarra izan da.
Proba luzean, Xabat Beristain zumaiarrak eskuratu du lehen postua, eta bere atzetik helmugaratu dira Illes Kocsis eta Mateo Prieto. Neskei dagokienez, Irune Perez-Irezabal izan da bizkorrena, eta bigarren eta hirugarren egin dute Nicole Pascualek eta Mairi Lejarretak, hurrenez hurren.
Getaria-Zarautz zeharkaldiko sailkapena osorik.