Santiago Aviles eta Claudia Girallt nagusitu dira Zarautz-Mollarri-Zarautz proban

Enara Ariznabarreta 2026ko uztailaren 18a

Marmokak izan dira aurtengo edizioko protagonistak, eta igerilari ugari uretatik atera behar izan dituzte ziztaden erruz. Aviles galiziarrak eskuratu du garaipena, eta Giralt bartzelonarrak zeharkatu du helmuga bigarren.

Zeru lainotuarekin esnatu da gaur Zarautz, baina giro paregabea egin du goizean. Jende ugari hurbildu da moilara igeriketa proba ikustera, eta aurtengo honetan, marmokak izan dira Zarautz-Mollari-Zarautz zeharkaldiko protagonistak. Gizonezkoetan Santiago Aviles koruñarra izan da txapelduna, eta emakumezkoetan Claudia Giralt bartzelonarrak eskuratu du lehen postua.

270 lagun inguru uretaratu dira gaur moilan, eta 5.000 metroko ibilbidea egin behar izan dute itsasoan barrena. Helmuga zeharkatzen lehenengoa Santiago Aviles koruñarra izan da, eta herritarrek txalo eta oihu artean hartu dute irabazlea. Galiziarrak 01:05:27ko denboran amaitu du proba. Gizonezkoen podiuma Unai Agirre zarauztarrak eta David Rodriguez galiziarrak osatu dute, bigarrenak 01:09:46ko denboran, eta hirugarrenak 01:10:03ko denboran.

Emakumezkoei dagokienez, Claudia Giralt izan da irabazlea, 01:09:37ko denborarekin. Sailkapen orokorrean bigarren gelditu da bartzelonarra, eta nahiz eta iazko denbora hobetzerik lortu ez duen, postua hobetzea lortu du. Bere atzetik Ana Vega donostiarra iritsi da, 01:14:39ko denborarekin, eta Naroa Osa ermuarrak osatu du podiuma, 01:20:03ko denborarekin.

Zarauztarretan, berriz, iazko garaipena errepikatu du Zarautz Balea Igeriketa Taldeko kide Unai Agirrek (01:09:46), eta emakumezkoetan bizkorrena Eider Pico izan da (01:26:50).

Marmokak protagonistak

Moilatik atera bezain pronto, igerilari ugari uretatik atera behar izan dituzte marmoken ziztaden ondorioz. Helmuga zeharkatu duten igerilari ugarik ere ziztadak jasan dituzte, eta horietako batzuk, osasungintzako profesionalek hartatu dituzte. Hori dela eta, aurten bigarrengoz jokatu behar zituzten kirol egokituko bi probak bertan behera uztea erabaki du antolakuntzak. Proba gaur arratsaldean edo bihar goizean egitea aztertzen aritu dira, baina oraindik ez dago ezer baieztatuta.

Getaria - Zarautz zeharkaldia

Getaria-Zarautz zeharkaldi klasikoa jokatuko dute bihar. Goizeko 11:00etan abiatuko dira igerilariak Getariako portutik, eta Zarauzko hondartzan izango dute helmuga Duke Enea parean. Lehenago, 11 eta 14 urte bitarteko igerilari gazteek 400 eta 800 metroko probetan parte hartzeko aukera izango dute. 10:00etan, 400 metro egingo dituzte igerian, portutik irtenda; eta 10:15ean, 800 metroko ibilbidea egingo dute, hondartzatik abiatuta. 


Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide