Zarautz Arraun Elkarteko traineruek amaitu dituzte asteburuko lanak. KAE 1 ligan atzo jokatu zuten estropada gizonezkoek, eta ETE ligan, gaur lehiatu dira emakumezkoak. Lan ona egin dute batzuek zein besteek; emakumeek esku-eskura izan dute garaipena, baina hiru segundo bizkorrago izan da Hondarribia gaurkoan Portugaleten (Bizkaia) jokatutako estropadan. 11.02.34 denbora egin du Hondarribiak, eta 11.05.39 denbora behar izan du, berriz, Zarautzek. Hirugarren izan den Kaikuri tarte ederra atera diote, hori bai, 11.14.99 denboran gelditu baitu horrek markagailua.
Hondarribia bera da lider sailkapen nagusian 54 punturekin, baina Zarautz gertu-gertu dauka bigarren, hiru puntura, 51 punturekin. Kaiku da hirugarren, 42 punturekin.
KAE 1 ligan, hirugarren
KAE 1 ligako asteburu honetako estropada ere Bizkaian jokatu da, Erandion, baina atzo arratsaldean izan zen hitzordu hori. Zarautzek lan ona egin zuen arren, bandera Bizkai aldean gelditu zen, Deustu nagusitu baitzen erlojupekoan, 20.24.42 denborarekin. Bigarren Zumaia izan zen, 20.27.50 denborarekin, eta Zarautz izan zen hirugarren, markagailua 20.43.99 denboran geldituta.
Sailkapen nagusian ere hiru talde horiek daude buru, lehia estu-estuarekin, gainera. Deustu da lider 80 punturekin, 77 ditu Zarautzek, eta 74, berriz, Zumaiak.