Denboraldiko hirugarren bandera erdietsi zuten Enbatako gizonezkoek larunbatean, Orioko uretan, eta atzo arratsaldean, halakoetan ohikoa denez, herritarrekin ospatu nahi izan zuten balentria. Lehenik eta behin, harrera egin zieten mutilei udaletxean, eta hauek lortutako trapua gogotsu astindu zuten balkoitik, zaletu guztien aurrean.
Jarraian, txistularien erritmoan, Musika Plazara abiatu ziren, eta beste horrenbeste egin zuten kioskoaren gainean. Harrera ekitaldiari amaiera emateko, taldeko argazkia atera zuten asteburuan ongi irabazitako banderarekin.