Bihar jarriko dute kukaña berria Zarauzko moilan

Enara Ariznabarreta 2026ko uztailaren 12a

Udal Brigada masta berria atontzen. (Utzitakoa)

Ekainaren 13an nerabe talde batek moilako kukaña puskatu ondoren, Zarautz Arraun Elkarteko kideek masta berria aurkitu dute. Ostegunean egingo dituzte udako lehen kukaña txapelketa eta ur jolasak.

Pasa den ekainaren 13an, Zarauzko moilako kukaña puskatu zuten, erabilera desegokia egiteagatik. Uztailaren 2rako aurreikusita zeuden kukaña txapelketa eta ur jolasak bertan behera gelditu ziren. Zarauzko Arraun Elkarteko kideek masta berria aurkitu dute, eta bihar, hilak 13, jarriko dute, goizeko 9:00etan.

Azpeitiko mendi batetik ekarritako 10 metroko enborra da, eta Udal Brigada aritu da masta atontzen. Uztailaren 16an, ostegunez, ospatuko dituzte udako lehen kukaña txapelketa eta ur jolasak. Hurrengo hitzorduak abuztuaren 13an eta 27an izango dira. Bide batez, honek guztiak "zarauztarron kontzientziaziorako balio izatea" espero dutela gaineratu dute arraun elkartetik.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide