Zer behar du erromeria batek perfektua izateko?
Dudarik gabe, publikoa, eta gainera, erantzuten duena. Publikoa egonda ere, ez badu erantzuten, erromeria hori ez da izango perfektua. Eta gero, ezinbestekoak dira kanta herrikoiak.
Maniarik edo erritual berezirik ba al duzu oholtza gainera igo aurretik?
Esango nuke ez dudala halakorik. Gehienbat, gustuko dut ikustea emanaldia hasi aurretik gauzak ongi jarrita daudela, trikitiak bere tokian, musika ekipamendua ondo eta halakoak. Ez nuke esango mania bat denik; azken finean, eginbehar bat da.
Nor da zure trikitilari erreferentea?
Egia esan, asko daude, eta bakoitzarengandik hartuko nuke zati bat edo gauza on bat. Nire maisua Martin Aginalde izan da. Ez da oso ezaguna gaur egun, baina berarekin ikasitakoak dira Asier Gozategi, Xabier Solano eta Maixa Lizarribar. Erreferenteak? Solano atsegin dut, Gozategiren gustua ere bai, baita Sune ere, baina bakar bat esaten ez nuke jakingo.
Zein izan da inoiz jo duzu tokirik arraroena?
Batzuk badira; eguraldiagatik-eta zimitorio txiki-txikietan jotzea egokitu izan zaizkigu, estu-estu jarrita. Gogoan dut Kuartangon (Araba) jo genuela behin, malda baten behean, kamioi baten gainean, eta arratsaldeko seirak aldera kristoren euri jasa hasi zuela. Malda baten behean geundenez, blai-blai eginda bukatu genuen. Nahiko xelebrea izan zen guztia.
Eta jotzeko eskatu dizuten abesti bitxiena eta egun errepertorioan duzuena?
Ohiko abestiak jotzen ditugula esango nuke. Gaur egungo Lokaleko leihotik eta Tabernako argiak hor daude, baina betiko beste batzuk ere bai; esaterako, Ireki bihotza eta Behin batian Loiolan.
Musikan oraindik bete ez duzu amets bat?
Ametsak beti daude. Gustuko dudana egiten dut, eta ikusten dut jendeak plazan erantzun egiten duela; horrek betetzen nau gehien.