Atzo arratsaldean eman zioten hasiera Frontoi Txikiko Emakumezkoen XVIII. Paleta Txapelketari, final-laurdenak jokatuz. Jendez lepo bete ziren pilotalekuko harmailak, norgehiagokak aurrez aurre jarraitzeko.
Lehenengo partidan Ane Campos eta Karmele Martinez (25) nagusitu ziren Lorea Laburu eta Miren Lertxundiren (17) aurka jokatu ostean. Bigarrengoan, berriz, Alaitz Seoanek eta Leire Paredesek (25) irabazi zuten Ione Azkoagaren eta Vero Davilaren (15) aurka.
Final-laurdenetako beste bi partidak bihar jokatuko dituzte, 18:30ean. Saioa Iraolak eta Maialen Manterolak Jone Iruretagoienaren eta Mireia Aizpururen aurka jokatuko dute. Ondoren, Leire Zubiaurrek eta June Yerobik Marene Aranbarriren eta Lide Mendizabalen aurka neurtuko dituzte indarrak.
Hasierako kanporaketa gainditzen duten lau bikoteek datorren asteartean jokatuko dituzte finalerdiak, eta bi egun geroago, datorren ostegunean, hirugarren eta laugarren postuak eta final nagusia. Iaz Naiara eta Eneritz Mitxelena ahizpa oiartzuarrek irabazi zuten txapelketa, baina aurten ez dute parte hartuko.