Zarauzko Udalak euskara ikasteko dirulaguntzak banatuko ditu, eta deialdia zabaldu du herritarrek euskalduntze- eta alfabetatze-ikastaroetan egindako matrikula-gastuei aurre egiteko. Guztira 37.437 euro banatuko ditu eskabideen artean. Zarauzko herritarren %74a elebiduna da, eta hori mantentzea da udalaren helburua.
Uztaila baino lehen amaitutako ikastaroentzako 35.937 euro banatuko ditu. Hain zuzen ere, matrikularen %70a, oro har, eta langabezian daudenen ikasleen kasuan %100a. Halaber, udako ikastaroetzako, berriz, 3.500 euro. Matrikularen %50a oro har, eta matrikularen %75a langabezian dauden ikasleentzat.
Eskaera egiteko baldintzak
Dirulaguntza jaso nahi dutenek honako baldintzak bete behar dituzte: 2025-2026 ikasturtean zehar euskalduntze- edo alfabetatze-ikastaroren bat egina izatea; dirulaguntzaren xede den ikastaroak irauten duen bitartean Zarauzko udalerrian erroldatuta egotea; eta ikastaroan eskainitako orduen %80, gutxienez, hartu izana.
2026ko uztaila baino lehen amaitutako ikastaroak egin dituztenek, 2026ko ekainaren 29tik uztailaren 10era egin beharko dituzte eskaerak, eta ikastaroa 2026ko uztailetik irailera bitartean egin dutenek, aldiz, 2026ko irailaren 28tik urriaren 9ra.
Eskaera aurrez aurre egin nahi dutenek, Udaletxeko HAZ Herritarren Arreta Departamentuan (Kale Nagusia, 29) egin beharko dute, astelehenetik ostiralera, 7:30etik 15:00etara. Telematikoki egin nahi dutenek, berriz, udalaren zerbitzu telematikoen bidez egin beharko dute, eskaera telematikoa estekaren bitartez.
Informazio gehiago nahi izanez gero, Euskara Departamentuarekin harremanetan jarri daiteke, 943-00 51 16 telefonora deituz edota euskaraz@zarautz.eus helbidera idatziz.