Amaitu da aurtengo haurren Txaparrotan txapelketa. 21. aldiz, Zarauzko Desertu txikia hondartzako eskubaloi kantxa bihurtu zen, eta benjamin, kimu eta infantil kategorietako jokalariek hartu zuten parte bertan. Guztira 121 taldek hartu zuten parte, horietatik lau kirol egokitukoak. Atzo amaitu zen txapelketa, eta finalak ere, atzo jokatu zituzten.
Kirol egokituan eta benjamin mailan ez zuten finalik jokatu, baina kimu eta infantil kategorietan bai. Kimuetan, nesketan, La samba taldea izan zen irabazlea eta, Xokis, berriz, txapeldunordea. Mutiletan, Don Pon Pon taldeak irabazi zuen txapelketa, eta 10 jubilauak taldea izan zen bigarren.
Infantiletan, berriz, Oriyoko txinpartak taldea izan zen irabazlea nesketan, eta Lolazos, txapeldunordea. Mutiletan Ijitok taldeak irabazi zuen, eta Shrek ta 8 astuak taldea izan zen bigarren talde sailkatua.
Asteburu honetan jarraituko du eskubaloi festak, helduen txapelketarekin. Guztira 128 talde lehiatuko dira bertan. Larunbat goizean hasiko da txapelketa, eta igande arratsaldean jokatuko dituzte finalak.