ZAEko gizonezkoek hirugarren egin dute Donibane Ziburuko Estropadan

Intza Trula 2026ko uztailaren 4a

ZAEko gizonezkoen taldea, pasa den denboraldiko estropada batean. (Onintza Lete Arrieta)

Deustuk irabazi du estropada, eta Zumaia sailkatu da bigarren. Gaurko emaitzarekin, Deustuk jarraitzen du KAE 1 ligako lider, eta Zarautz eta Zumaia ditu atzetik, puntuetan berdinduta.

KAE 1 ligak gaur arratsaldean jokatu du denboraldiko laugarren estropada, Donibane Ziburuko 34. Estropada. Deustuk hirugarren bandera lortu du bertan, eta atzetik heldu dira Zumaia eta Zarautz, bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Orio, berriz, hamaikagarren izan da.

Ohorezko txandan egin dute arraunean Deustuk, Zumaiak eta Zarautzek, eta San Pedrok osatu du txanda hori. Zarautz indartsu atera da, eta aurrea hartu du lehen luzean. Ziaboga egiten aurrena izan da, atzetik Zumaia zuela. Dena den, nagusitasun horrek ez dio asko iraun Gari Urangaren ontziari; izan ere, bigarren luzean lehen postu hori galdu dute, Deustuk aurrea hartu baitie.

Une horretatik aurrera Deustuk eroso egin du arraunean, eta hirugarren ziabogara ere aurrena iritsi da. Azken luzean garaipena ebatzi besterik ez du egin, eta helmuga 21:08,14ko denboran zeharkatu du. Zumaiak gertutik jarraitu dio txapeldunari, hirugarren luzean Zarautzi aurrea hartu ondoren. Estropada bikaina osatuta, 21:16,03ko denborarekin lortu du bigarren postua Zumaiak, eta Zarautz hirugarren helmugaratu da, 21:22,94ko denboran. Txandako laugarrena San Pedro izan da, 22:12,82ko denborarekin, baina sailkapen orokorrean hamargarren postuan amaitu du. 

Oriok egun zailagoa izan du gaur. Lehen txandan uretaratu da, eta hirugarren egin du bertan, 22:24,66ko denborarekin. Denbora horrek, ordea, ez dio azken postuetatik aldentzeko balio izan, hamaikagarren postuan amaitu baitu. Orioren txandan lehiatu dira Arkote, Hibaika eta Kaiku, eta azken hau gailendu da txanda horretan.

Gaurko emaitzak kontuan izanda, Deustuk jarraitzen du KAE 1 ligako liderra izaten, 46 punturekin, eta haren atzetik dira Zarautz eta Zumaia, puntuak berdinduta. 43 puntu dituzte bi traineruek. Oriok ez du taularen behealdetik ateratzerik lortu: hamaikagarren postuan dago, zazpi punturekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide