Etxeko bandera jokoan izango dute igandean

Enara Ariznabarreta 2026ko uztailaren 1a

Gesalaga Okelan Banderaren aurkezpena, Marmarra dendan. (Enara Ariznabarreta)

KAE 1 eta ETE ligetako estropadak jokatuko dituzte igandean, eta ZAE gogotsu dago jardunaldirako eta herriaren babesa jasotzeko.

Igandean, Zarautzen jokatuko da KAE 1 ligako bosgarren estropada puntuagarria, eta II. Gesalaga Okelan Bandera izango dute jokoan lehen postuetan dabiltzan traineruek; eta horien artean, nola ez, Enbata-k. Aurtengoa berezia izango da: izan ere, emakumezkoek ere izango dute jomugan bandera. Gizonetan, eskualdeko hiru talde lehiatuko dira: Zarautz, Zumaia eta Orio. Emakumeetan, aldiz, Zarautz izango da eskualdeko traineru bakarra.

Gaur aurkeztu dute bandera babeslearen Marmarra dendan, eta han izan dira Zarautz Arraun Elkarteko (ZAE) lehendakari Nagore Arruti, Nahikari Osa eta Gaizka Garmendia patroiak, arraunlariak, Inaxio Illarramendi Kirol zinegotzia eta enpresako ordezkaria.

KAE 1eko gizonek zein ETEko emakumeek erlojupeko estropadak jokatuko dituzte igandean. 11:30ean hasita, lau luze eta hiru ziaboga egin beharko dituzte gizonek; 5.556 metro, guztira. Emakumeek, berriz, 12:30ean hasita jokatuko dute ETE ligaren laugarren estropada puntuagarria, bi luzetara, eta guztira 2.778 metro egin beharko dituzte.

Astebururako eguraldi ona espero da, eguzkia eta giro beroa. Itsasoa bare egongo da, 1 eta 1,5 metro inguruko olatuekin. Larunbateko estropada kontuan izanda, sailkapenaren arabera irtengo dira traineruak lehiatzera igandean.

Etxean, beti berezi

Etxeko estropada beti berezia izan ohi da, eta halaxe baieztatu du Osa patroiak: "Joan den larunbatekoa eta gero, oso ondo iritsiko gara, oso motibatuta gaude". Garmendiak, bere aldetik, aurreko estropadan ez zirela beren buruekin "gustura geratu" dio, eta hori aldatzea izango dute "asteburu honetako helburua". Halaber, gizonezkoen traineruek "nahiko lehia estua" izango dutela gehitu du patroiak. "Arraun ondo egin dugun sentsazioarekin amaitzen badugu, banderaren lehian bete-betean egongo gara", azpimarratu du. Iaz "arantzatxoarekin" gelditu zirela ere azaldu du: "Gure txanda irabazi egin genuen, baina haize aldaketa bat egon zen eta San Pedrok bandera eraman zuen".

Herritarren babesak asko laguntzen diela adierazi dute bi patroiek. "Uretatik jendea urdinez jantzita ikustea hunkigarria" dela esan du Garmendiak. ZAEren ordezkariek garaipenarekin amesten dute, eta gogotsu daude iganderako.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide