Herriko festak ere gureak dira!. Horixe izan zen atzo 22:00etan Zarauzko malekoian zabaldu zen leloa. Zarauzko txosna feministak deituta, dozenaka lagun elkartu zen atzo iluntzeko manifestazio feministara, eta jai giro seguru, parekide eta libre baten aldeko aldarriak egin zituzten bertan. Manifestazioko lelo nagusia zeraman pankartaz gain, beste zenbait kartel ere ikusi ahal izan ziren agerraldian zehar, besteak beste, Zona gurea da! edo Gozatzera gatoz mezuekin.
Manifestazioa txosnagunean hasi zen, 22:00etan. Malekoitik Munoa aldera jo zuten, aldarri artean. Emakumearen Etxearen inguruan buelta eman, eta berriz ere txosnagunera abiatu ziren. Behin txosnagunera iritsita, festa giroan gizonezkoek izan ohi dituzten jarrera matxista eta desegokiak salatu zituzten, antzezpen baten bidez. Azkenean, herritarren txalo zaparradarekin amaitu zen atzo iluntzeko ekitaldia.
Oraindik festetan murgilduta dago Zarautz, eta gaurtik aurrera ere, izango da nun gozatua. Ondorengoa da datozen ordu eta egunetarako egitaraua:
Gaur, San Pelaio Bigarrena, Haur eta Gazteen Eguna
- 12:00. Lege Zaharren Enparantzatik hasita, erraldoi txikien kalejira, Imuntzo Trikitilari Eskolako trikitilariekin.
- 13:30. Iñurritzako zelaian, oilasko biltzearen amaiera.
- 14:30. Denak Etxera! bazkaria, txosnagunean.
- Ondoren, Anuk eta Eleneren kontzertua, txosnagunean.
- 17:00. Nerabe gunea (12-18 urte). Puzgarriak, estanpazio tailerra eta ginkana, Haize-orratz Gaztelekuaren eskutik.
- 17:30. Kalejira Musika plazatik Iñurritzara, Sugarri txaranga eta Zarautz'trik trikitilariek, eta buruhandi eta erraldoiek lagunduta.
- Ondoren, Iñurritzan haur parkea, eta frontoian apar festa.
- 18:00. Dragpelayo disidenteen bila, karropoteoa Dj Titibururekin, txosnagunean.
- 18:30. Iñurritzan, dantzaldia Gauargi taldearekin.
- 18:30. Iñurritzan, Debrass Band tabernaz taberna ibiliko da.
- 20:30. Kalejira, Musika plazara itzulera.
- 22:00. Musika plazan, disko festa DJ Nemux-ekin.
- 22:30. Iñurritzako zelaian, bertso jaialdia. Bertsolariak: Andoni Egaña, Aimar Sorazu, Alaia Martin, Maddi Ane Txoperena eta Amets Arzallus. Gai-jartzailea: Ion Zaldua.
- 22:30. Putas Amak, Sal del Coche eta La Fulana, txosnagunean.
- Ondoren, Iñurritzan, erromeria Batbita taldearekin.
Bihar, igandea
- 09:00. Iñurritzan, Diana txistulariekin.
- 11:00. San Pelaio ermitan, meza.
- Ondoren, Iñurritzako Jubilatuen Elkartean, hamaiketakoa auzoko jubilatuentzat, Iñurritza Jai Batzordeak eskainia.
- 11:30. Iñurritzako zelaian, haur jolasak Txipristin taldearekin.
- 14:00. Iñurritzan, gibel jana oilasko biltzean parte hartu dutenentzat.
- 19:00. Iñurritzan, herri kirolak Joseba Ostolaza Harri eskolarekin.
- 20:00. Iñurritzan parrillada, Auzoak bizirik taldearen eskutik.
- 22:00. Iñurritzako zelaian kontzertuak: Alarma Morea, Putzu Beltzean eta Bide Batez.
- 00:00. Iñurritzan, Bandera jaistea, eta festen amaierako txupinazoa.