San Pelaio eguna da gaur, eta berriz bete dira herriko kaleak. Goizeko 11:00etan hasi da Meza nagusia, eta herriko bizilagun ugari bertaratu dira San Pelaio ermitaren 175. urteurrena ospatzera. Bero zegoen ermita barruan, eta asko eta asko abanikoak astintzen aritu dira. Koruak doinu dotorez bete du elizkizuna, eta amaieran Pelaio pelaio ereserkia abestu dute.
Gaurkoan, Lege Zaharren Enparantza erraldoi eta buruhandiz bete da, izan ere, Zarauzko VII. Topaketa egin dute goizean, dianak eta gero. Zarauzko Erraldoien eta Buruhandien elkarteaz gain, Iruñeko Errotxapeako eta Alde Zaharreko eta Pasaiko, Hondarribiako konpartsetako buruhandiek ere bete dute plaza, Lizarrako dultzaineroek lagunduta. Eguraldia lagun, giro paregabean dozenaka haur eta guraso batu ditu hitzordu horrek.
Iñurritzan, aldiz, gazteek aurreskua egin dute tradizioari jarraituz. 12:30ean hasita, Iñurritzako zelaia auzokidez eta herritarrez bete da. Eguzkipean dantzan aritu dira gazteak, eta bertaratutakoen txalo zaparrada jaso dute.
Orduerdi beraduago, Zarauzko Musika Bandak kontzertua eskaini du Iosu Isastiren zuzendaritzapean, Merkatu Plazako lehen solairuan. Bertaratu direnek, Shiraiwa Mashiroren Rising Sun March, Freddie Mercuryren Bohemian Rapsody, J. Francoren Eusko Eleskiak, J.w. Mozarten La Flauta Encantada eta Bert Appermonten Gulliver¨S Travels abestiez gozatzeko aukera izan dute. Festak aurrera jarraituko du herrian zehar beste hainbat ekintza eta jarduerekin.
(Argazkiak: Enara Ariznabarreta eta Gorka Eizagirre)