Hasi da atzera kontaketa aurtengo San Pelaio jaiei hasiera emateko, eta festen egitarau oparoaren barruan, haurren danborrada egingo dute ostegun arratsaldean. Danbor jotzaileak ezinbestekoak izango dira hitzordu horretan, baina horiek erritmoa ondo jarrai dezaten, ezinbestekoa izango da zuzendarien lana. Hain justu, Haur Kultur Taldeak ezagutarazi ditu zuzendarien izenak, baita bakoitzaren taldea eta txaranga zein izango diren ere.
Hori horrela izanik, Vista Alegretik gorriz jantzita aterako dira haurrak, eta haien zuzendariak Sara Garate eta Telmo Esnaola (zuzendari nagusia) izango dira. Desfilean arotzak eta plantxatzaileak aterako dira, eta guztiak Igandea txarangak lagunduta joango dira. Iñurritzatik talde berdea aterako da, Eilidh Sedano eta Jon Galparsoro zuzendarien gidaritzapean. Danbor jotzaileekin batera, baserritarrak eta nekazariak aterako dira handik. Talde hau Mauxitxa txarangarekin joango da.
Talde urdina, berriz, Azken Portutik aterako da, eta talde hori zuzentzeaz arduratuk dira Maier Mendizabal eta Nahia Manterola. Desfilean bañeruak eta inudeak joango dira, Gauerdi txarangak lagunduta. Azkenik, talde horia Itxasmendi auzotik irtengo da, Irati Arizmendi eta Andoni Txurruka zuzendariekin. Desfilean izango dira, baita ere, arrantzaleak eta arrain saltzaileak, eta Pasai txarangarekin egingo dute ibilbidea.