Ilusioarekin ekingo diote Zarauzko arraunlariek traineru denboraldi berriari

Juan Luis Romatet 2026ko ekainaren 14a

Datorren asteburuan izango dituzte lehen estropadak Zarautz Arraun Elkarteko traineruek. Gaur eguerdian aurkeztu dituzte irailera bitartean Zarauzko herria ordezkatuko duten ontziak eta eskifaiak. 

Traineru ligak hasi aurreko azken asteburua da honakoa, eta Zarautz Arraun Elkarteak igandea baliatu du denboraldian zehar Zarauzko herria ordezkatuko duten bi traineruak, eta haien eskifaiak aurkezteko. Musika plazan egin dute ekitaldia, eguerdi partean, eta bertara hurreratu dira herriko arraun zaletuak arraunlariak txalotzera eta haiei animoak ematera. 

Ilusioa izan da ekitaldian zehar behin eta berriz entzun den hitza. Izan ere, ilusioa ez zaie falta arraunlariei, klubeko kideei zein arraunzaleei, datorren asteburuan hasiko den denboraldira begira. Emakumeak ETE ligan arituko dira, eta KAE-1 ligan gizonak. Emakumeek zein gizonek datorren asteburuan hasiko dute denboraldi berria, hitzordu bikoitzarekin: larunbatean Kantabria aldera egingo dute, Astillero herrian jokatuko dituzten estropadak jokatzeko asmoz, eta igandean Pasaiako badian arituko dira lehian. 

Gizonen kasuan, Gari Uranga entrenatzaileak azaldu du Ohorezko txandatik hurbil egotea izango dela helburua. Aurretiko dinamika on batetik datozela ere esan du, baita aipatu dinamika horri esker, lanak errazago izan dituela ere.

Juanjo Etxartek, bere aldetik, esan du pasa de urtean gauzatu ezin izan zituzten helburuak lortzea izango dutela aurtengo asmoa. Gogoratu behar da, pasa den urtean ehunekoengatik geratu zela Zarautz Kontxako estropadatik kanpo, eta igoerako play offean ere ezin izan zutela Euskotren ligarako txartela eskuratu. Neskak "borrokarako prest" daudela ere esan du prestatzaileak. 

Xabier Txurruka Zarauzko alkateak ere hitza hartu du ekitaldian. Arraunlariei gogoratu die traineruko brankan doan harmaila ordezkatzen dutela, eta arrauna eginez gozatzea desio izan die, "behin gozatuz gero emaitza onak etor daitezkeelako".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide